Bermeok ofizialki inaugurau dau eguerdian XXXII. Arrain Azoka, herriko agenda sozial, ekonomiko eta kulturaleko hitzordu esanguratsuenetako bat. Lamerako karpan egin dan ekitaldian herriko agintariak, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, inguruko herrietako alkate batzuk, enpresa eta erakundeetako ordezkariak eta herritarrak batu dira. Itsasoa zaindu, bizia dastatu lelopean, aurtengo edizinoak itsasoaren zaintza, jasangarritasuna eta belaunaldien arteko transmisinoa jarri dauz erdigunean. Inaugurazino ekitaldian nabarmendu danez, Arrain Azoka ez da gastronomia edo jai giro hutsera mugatzen dan hitzordua. Bermeoren memoria kolektiboa, itsas kulturarekiko lotura eta arrantzaleen ekarpena aitortzeko espazioa be bada.
Ixone Soroa Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak Bizkaia Irratian nabarmendu dauanez, azokeak berezitasun handi bat dauka: arrantzaren eta itsasoaren inguruko kate guztiak batzen dauzala. “Bermeoko Arrain Azoka, bai Euskadin bai hemendik kanpo, erreferente bihurtzen dabil”, azpimarratu dau Soroak. Nadia Nemeh Shomaly alkateak, bere aldetik, adierazi dau, azken urteetan gastronomiaren arloak gero eta pisu handiagoa hartu dauala azokaren barruan, eta aurten beste arlo bat indartu gura izan dabela, jasangarritasuna.
Inaugurazino ekitaldiaren barruan banatu da aurtengo XXIX. Hegaluze Saria be. Aitortza Bermeoko Nautika Eskolak jaso dau, eskolaren 50. urteurrenaren harira. Sariaren bitartez, Arrain Azokak aitortza publikoa egin gura izan deutso arrantza munduan prestakuntzak daukan funtsezko garrantziari, eta batez be, Bermeoko Nautika Eskolak azken bost hamarkadetan egindako ekarpen esanguratsuari.
XXXII. Arrain Azokak domekara arte jarraituko dau, eta astegoien osoan zehar askotariko jarduerak hartuko dauz herriak. Aurten 20 erakustoki dagoz azokan, eta bertan kontserbak, arrain produktuak eta tokiko bestelako proposamenak dastatu zein erosteko aukerea izango dabe herritarrek zein bisitariek. Horrez gain, lehenengoz, tokiko artisauen gunea be izango da Pop-Up Kresaltsua izeneko espazio barrian. Egitarauaren barruan, urtero harrera ona izaten daben jarduerak be izango dira: Nautika Eskolako nabigazino-simulagailura bisitak, Hegaluze itsasontzian urteerak edota Arrantzaleen Museora doako sarrera. Herriko kultur eta kirol taldeek be protagonismo berezia izango dabe asteburuan zehar. Fanfarreak, txistulariak, trikitilariak, dantza taldeak, erraldoiak, gaiteroak eta danborrada kalez kale ibiliko dira, azokako giroa indartuz. Aurtengo edizinoak itsasoaren zaintzagaz lotutako ekimen ugari be hartuko dauz. Eusko Jaurlaritzaren Aztertu programearen bidez, tailerrak eta familia-jarduerak egingo dira. Ganera, Nestor Basterretxea aretoan, Itsasoaren sekretuak erakusketa dago ikusgai egunotan. Bermeo Tuna World Capitalek eta Urdaibaiko Esentziek antolatutako dastaketek be protagonismo berezia izango dabe. Alkartasunak be bere lekua izango dau beste urte batez Arrain Azokan. Lamerako Solidaritza Gunean marmitakoa eta hegaluze errea dastatzeko erea egongo da, eta bildutako dirua gaixotasun arraroak daukiezan Bermeoko umeen tratamenduetara bideratuko da.
