Erabilera intentsiboa ez da beti adikzinoa: gakoa ondorioetan dago

EHUko irakasle eta ikertzaileak adintxikikoek Internet zelan erabiltzen daben eta horri lotutako arriskuak aztertu dauz EHUPodcasten

Juan Manuel Machimbarrena: “Sare sozialen erabilera handia ez da beti arazo bat”

Tania Arriaga eta Juan Manuel Machimbarrena Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko irrati-laborategian / Argazkia: Laura López - EHU

‘Entzun eta zabal ezazu’ lelopean, EHUPodcast Euskal Herriko Unibertsidadearen plataformea da, ezagutza zientifikoa gizartera modu atsegin eta ulergarrian hurreratzeko, pentsamendu kritikoa sustatzeko eta publiko orokorraren jakin-mina pizteko. Hileroko proiektua da, eta azken atalean, apirileko atalean, Juan Manuel Machimbarrena EHUko Psikologia Fakultadeko irakasle eta ikertzaileak adintxikikoek Internet zelan erabiltzen daben, horri lotutako arriskuak eta familia bitartekaritzaren funtsezko zeregina aztertu dauz.

Machimbarrenaren berbetan, garrantzitsua da erabilera intentsiboa eta erabilera problematikoa bereiztea, eta arreta jartzea benetako ondorio negatiboetan. EHUko irakasle eta ikertzaileak azpimarratu dauanez, “denpora asko pasatzeak ez dau zertan adikzinoa esan gura”. Arazoa agertzen da erabilerak eguneroko bizitzan interferentziak sortzen dauzanean: eskola errendimenduan beherakadea, lehen gustokoak ziran jarduerak iztea edo harremanetan gatazkak agertzea, besteak beste. Ikertzailearen arabera, ezin da muga argi bat ezarri erabilera osasuntsuaren eta problematikoaren artean. Halanda be, badira seinale batzuk: ongizate emozionalean eragina, kontrol faltea edo eguneroko jardueretan eragina.

Testuinguru horretan Urre Kizkurren hipotesia aitatu dau. Ikuspegi horren arabera, ez da egokia ez erabilera nulua ezta gehiegizkoa be. Gakoa erdiko puntuan dago, erabilera kontziente eta orekatuan. Gazteei sare sozialak guztiz kentzeak be ondorio negatiboak izan leikez, Machimbarrenaren eretxian, sozializazinoan parte garrantzitsua daukielako gaur egun.

Familien zeregina: prebentzinoa eta laguntza

Gurasoen rola funtsezkoa dala azpimarratu dau. Garrantzitsua da prebentzinotik jardutea, arazoa larria azaldu aurretik hasita. Juan Manuel Machimbarrenak gaineratu dauanez, garrantzitsua da etxean berba egitea. Ohartarazo dau zigorrak —mugikorra kentzea, sare sozialak debekatzea…— ez dirala beti urtenbide egokiena. Askotan teknologia bihurtzen da arazo guztien errudun, baina atzean beste zailtasun batzuk egon daitekezala azaldu dau. Horregaitik, egoera osoa ulertzea eta alternatibak eskaintzea proposatzen dau. Amaitzeko, EHUko ikertzaileak nabarmendu dau ezin dala erantzukizun guztia erabiltzaileengan jarri. Plataformek eta enpresek be badaukie zeregina, erabiltzaileen arreta bereganatzeko diseinautako mekanismoak erabiltzen dabezalako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00