836 eragile ekologiko ordezkatzen ditu Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak

ENEEK-Ekolurrak ekoizpen ekologikoaren kontrol eta ziurtapen publikoa defendatu dau

Judit Gartzia: “Helburuak interesgarriak dira, baina egindako proposamenagaz ez dira beteko”

Momentu honetan egoera ona bizi dau sektoreak EAEn / DepositPhotos

ENEEK-Ekolurrak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, administrazinoa sinplifikatu eta arintzeko preminazko neurriei buruzko Lege Proposamenetik ekoizpen ekologikoaren kontrol eta ziurtapenari eragiten deutson aldaketa kentzeko eskatu dau. Lege Proposamenak aukerea emongo leuke EAEn ekoitzitako elikagai ekologikoen kontrola eta ziurtapena ENEEK-Ekolurraren esku egon beharrean kontrol-entidade pribaduen esku be jarteko, Judit Gartzia ENEEK-Ekolurrako lehendakariak azaldu deuskunez: “Helburuak interesgarriak dira, baina egindako proposamenagaz ez dira beteko”.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren arabera, aldaketa horrek ez deutse lege-proposamenaren sinplifikazino eta arintze helburuei erantzuten eta, aitzitik, arazo juridikoak, administrazino-konplexutasun handiagoa eta funtzionamendu-arazoak eragin ahal ditu. Bestalde, Gartziak azpimarratu deusku ez dagoala aldaketa justifiketan dauan arrazoi ekonomikorik be. Eskaintzen dauan kontrol eta ziurtapen zerbitzuak kostu lehiakorra dauka, eta kostuaren %60 inguru sektoreko eragileek ordaintzen dabe, beren kuoten bidez.

Sektorearen parte-hartzerik gabe proposatutako aldaketea

Gartziak nabarmendu dau proposatutako aldaketa sektorearen informazinorik eta parte-hartzerik gabe planteatu dala. Era berean, ez jako txostenik eskatu ENEEK-Ekolurrari, nahiz eta gaur egun 836 eragile ekologiko ordezkatzen dituan eta bere gobernu-organoan sektoreko ordezkariak, kontsumitzaileen alkarteak eta Eusko Jaurlaritzako zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru-Aldundietako ordezkariak biltzen diran. Ekoizpen ekologikoaren sektorea ordezkatzen daben ekoizle-alkarteei be ez jake informazinorik emon.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00