Auzia oraindino instrukzio fasean dago, eta jazotakoaren inguruko informazinoa biltzen jarraitzen dabe

Jazotakoa guztiz argitzea eta Ander polizia-indarkeriaren biktima modura aitortzea da helburua

Justizia Anderrentzat plataformeak Santurtziko Udalari kautelazko neurriak hartzeko eskatu deutso

Justizia Anderrentzat / Bizkaia Irratia

Justizia Anderrentzat plataformeak helegitea aurkeztu dau Santurtziko Udal Gobernuak onartutako dekretuaren kontra, Anderren heriotzagaz lotutako polizia-operazioan parte hartu eben udaltzainen jarduna ikertzeko zabaldutako informazino-espedientearen harira. Amaiur Renteria plataformako kideak Bizkaia Irratian azaldu dauenez, Udalak behin-behineko neurriak hartzeko eskumena dauka, prozedura judiziala martxan egon arren. Horregaitik, inplikautako udaltzainak kautelaz euren eginkizunetatik kentzeko eta taser pistolen erabilera eteteko eskatu dabe.

Ander Santurtziko gaztea bagilaren 20an hil zan, udaltzainek egindako esku-hartze baten ostean. Plataformak salatu dauenez, poliziaren jarduna bortitza izan zan, taser pistola erabili eben eta osasun-arreta berandu heldu zan. Renteriak gogor kritikau dau Udal Gobernuaren jarrerea, hasieran poliziaren jardunari babes osoa emon eutsolako eta, esku-hartzearen bideoa argitaratu ostean, jazotakoa barrikusteko neurriak iragarri zitualako.

Bestalde, auzia oraindino instrukzio fasean dago, eta jazotakoaren inguruko informazinoa biltzen jarraitzen dabe. Renteriak azaldu dauenez, Anderren familia oso egoera gogorrean dago, eta gertakariak samina eta frustrazinoa eragin dau Santurtzin. Plataformak Udalaren erantzunaren zain jarraitzen dau, eta jazotakoa guztiz argitzea eta Ander polizia-indarkeriaren biktima modura autortzea dauka helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00