Maialen Mielgo arraunlariak dino asko eurentzat oparia izan dala Donostiako banderan lehiatzeko aukerea izatea

Sestaoko traineruko kideek lehen jardunaldian izandako errendimendua hobetu gura dabe Zumaia eta Hibaikara hurreratzeko

Kaikuko arraunlari guztiak lehiatuko dira Kontxan

Kaikuko emakumezkoen trainerua pasa dan domekan Kontxaren lehen jardunaldian / Bermeoko Arraun Argazkiak

Sestaoko Kaiku arraun taldeko emakumezkoen traineruak zortzigarren amaitu eban Kontxako Banderearen lehen jardunaldia. Bizkaitarrak Zumaiaren denpora bera egin eban probako lehen luzean eta lau segundo baino ez ebazan galdu Hibaikarekiko. Bigarren luzean, ordea, Kaikuren errendimenduak beheranzko bihurrunea marraztu eban eta uste baino denpora gehiago galdu eban Euskotren Ligara igotzeko play offean aurkari izango dauzan bi traineruekin alderatuta. “Kontxako banderako estropadak jokatzeko aukerea benetako oparia izan da guretzat. Ez da erraza Donostian murgiltzeko sailkapena lortzea. Oso koadrila gaztea gara eta gure helburua estropada bakotxean gozetea eta ikastea da, are gehiago denporaldiko hitzordu bereziena bada   adierazo dau Maialen Mielgo Bizkaitarreko arraunlariak.

Kaikuko emakumezkoen traineruko entrenatzaileak, Andoni Galvanek, Donostiako bi estropadetako batean jokalari guztiak lerrokatzeko asmoa dau. “Kontxako banderea lehiatzeko sailkapena lortu genduanean, entrenatzaileak esan euskun guk danok izango genduala Donostiako badian boga egiteko aukerea. Asko gozetan ari gara egun honeetan ”azpimarratu dau Mielgok.
Kaiku, Zumaia eta Hibaika aurrez aurre izango dira irailaren 16an eta 17an Bermeo eta Portugaleteko uretan jokatuko dan Euskotren Ligara igotzeko play offean. Gipuzkoako bi ontziak bizkaitarra baino gehiago izan dira Donostiako badian jokatutako bi estropadetan, bai sailkatze-estropadan, bai banderaren lehen jardunaldian. Maialen Mielgok uste dau Kontxako erreferentziak ez dirala baliogarriak igoerako promozinoari begira. “Kontxaren emoitzak gure lehenengo parte-hartzean ez dira oso garrantzitsuak guretzat. Ziur gagoz igoera promozinoko estropadak beste gauza bat izango dirala. Uste dot oso ondo heldu garala denporaldiaren bukaerako esprint honetara eta Bermeo eta Portugaleteko probetan Kaikuren bertsinorik onena ikusiko dogulakoan nago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular