Elhuyar Hiztegiaren bisita kopuruak gora egin eban 2022an. Webguneko bisitak %50 igon dira (6 milioi bisita baino gehiago izan dauz) eta erabiltzaileek 50 milioi konsultatik gora egin dabez. Klara Zeberio arduradunak esan deuskunez, datuok argi erakusten dabe Elhuyar Hiztegia gero eta gehiago erabilten dala. Bere esanetan, “garai honetan, itzultzaile automatiko eta bestelakoak danon eskura dagozan honetan, Hiztegia hondino be tresna baliogarria da”.
Elhuyar Hiztegia etenbarik eguneratzen dan baliabidea dala be azpimarratu deusku Klara Zeberiok, eta igaz, adibidez, 966 sarrera barri gehitu ziran (autozainketa, heteronormatibo…) eta beste 1.003 unidadetan aldaketak egin ebezan (liburu-euskarri, ahogozogarri…). Eguneratze lan horretan Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzea jasotzen dau Elhuyar Hiztegiak. Eguneratze horrezaz gain, Elhuyar Hiztegiak hizkuntza bardinzalea erabiltzea dauka helburu eta 2022an be hiztegiko lagin batzuk aztertu dira. Edukiak genero-ikuspegiagaz aztertu, eta lexikoaren eta hizkuntzearen erabilera baztertzaileak barrikusi eta moldatu dira.
Elhuyar Hiztegiaren ordenagailuko aplikazino barria
Urte barriagaz batera, Elhuyar Hiztegia ordenagailuan ipinteko aukerea gehitu da. Honi esker, ordenagailuko edozein programatik konsultau daitekez euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko edo ingelesezko berbak Elhuyar Hiztegian.