Barsanti antzerki konpainiak Zarautzen estreinauko dau bihar Kodizia Late Night antzezlan barria. Talde honen bosgarren antzezlana da honakoa. Barsantiren ezaugarrietariko bat da gizartean pil-pilean dagozan gaiak lantzea. Oraingo honetan, osasun publiko eta pribaduaren ganeko hausnarketea dakarre. Aritza Rodriguez, Juanjo Otero eta Pako Revueltas aktoreak arituko dira kale antzerki honetan. Izenburuak dinoan moduan, telebistako late night saio bat da ardatz antzezlanean. Horrez gain, beste istorio bat tartekatzen da, pertsonai biren artekoa. Euretariko baten erabagiak kalte egingo deutso bestearen senitarteko bati.
Gaueko kale antzerkia
Gauez eskaintzeko antzezlana sortu dabe oraingoan. Orain arteko kale ikuskizunak, egunez eskaini dabez. Dinoenez, helduentzako antzezlana da. Umeak joan ezkero, familian joatea gomendatzen dabe. Eszenografiari jagokonez, espazio eszeniko berezia daukala azaldu deusku Rodriguezek. Harmaila bi jarriko dabez publikoarentzat eta eurak erdian arituko dira. Gaur Zigoitian eskeiniko dabe antzezlana eta bihar izango da estreinaldia Zarautzen. Hileon, Sopelan izango dira hilaren 18an, Amorebieta-Etxanon 22an eta Arrigorriagan 24an.
