Aurtengo Herri Urrats jaiak, 'Elgarrekin' lelopean, hainbat ekitaldi, kontzertu eta ekimen bilduko dauz egunean zehar

Maiatzaren 11n Senpereko lakua jentez beteko da barriro Herri Urrats jaia ospatzeko

Koldo Rodriguez: “Errealidade sendo bat da Seaska gaur egun”

2025eko Herri Urratsen aurkezpena Baionan / Herri Urrats

Maiatzaren 11n ospatuko da Iparraldeko ikastolen aldeko Herri Urrats jaia Senpere lakuan. Azken txanpan dira antolatzaileak. Koldo Rodriguez Herri Urrats-en koordinatzailearen berbetan, “urte osoko lana izan da, baina azken aste hauetan sartu gara detaile txikienetan”.

Aurtengo edizinoko leloa ‘Elgarrekin’ da. Herri Urratseko koordinatzaileak azaldu dauanez, auzolanaren eta komunidadearen balioa azpimarratzen dau leloak: “Indibidualismoaren garaian, alkarregaz aritzeak daukan garrantzia gogoratu gura dogu”.

Egitaraua anitza eta oparoa izango da. Musikak presentzia handia izango dau, eta eszenatoki nagusietan Olaia Salvador,  Süne, Ezpalak edo Dupla izango dira, besteak beste. Baina ez da musika bakarrik izango: umeentzako ikuskizunak, dantza emonaldiak, herri kirolak eta pelotari profesionalakaz partidu berezi bat be izango dira maiatzaren 11n.

Zortzi gune atonduko dira Senpere lakuan, eta horreetako bat ‘Kei gunea’ izango da, Kattalin Elizalde kolegioari eskainitako gunea. Herri Urrats jaiaren bidez bildutako dirua, aitatutako kolegio horren obren bigarren fasea finantziatzeko eta Arberoa ikastolan izandako suteak eragindako kalteak konpontzeko erabiliko da.

Koldo Rodriguezek nabarmendu dau jai honek “euskaraz bizi gura dauan herri baten aldarria” adierazoten dauala, eta milaka euskaltzale biltzea itxaroten dabela. “Ez da jaia bakarrik, mobilizazino nazional bat da guretzat” nabarmendu dau Herri Urratseko koordinatzaileak. Seaskaren inguruan, Rodriguezek nabarmendu dau “gaur egun errealidade sendo bat da, eta horretan dabilzan komunidadeen eta herritarren konpromisoari esker lortu da”. Bere esanetan, gaur egungo egoera ona bada be, erronka barriei aurre egiteko sostengu zabala behar da hondino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00