Danteren argitalpenean oinarritutako artelan desbardinak dagoz ikusgai

Massimiliano Tonelik gidatutako erakusketa kolektiboa da

“La Divina Commedia” erakusketea zabalik Durangoko Arte eta Historia museoan

Durangoko Arte eta Historia Museoa / Bizkaia Irratia

La Divina Commedia” erakusketea dago ikusgai Durangoko Arte eta Historia museoan hilaren 25etik. Erakusketa kolektiboa da, Massimiliano Toneli italiar artista, poeta, kritikari eta komisarioak gidatutakoa. Oinarria Danteren testua da. Honakoa ardatz hartuta, euskal artistek, estadukoek eta nazinoartekoek lan esklusiboak sortu dabez erakusketa honetarako. 2021. Urtean eskeini behar zan, Danteren argitalpenaren 700. Urteurrenean hain zuzen, baina Covid 19ak eraginda atzeratu egin behar izan zan. Eguenean zabaldu zan eta egunotan harrera ona izan dauala esan deusku Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak.

Danetariko artelanak ikusgai

Dante Alighierik, infernuan, purgatorioan eta paradisuan egindako bidaia kontetan dau “La Divina Comedia” lanean. Virgilio poeta erromatarrak gidatutako bidai honetan bere nortasuna aurkitzen dau. Erakusketa honetarako sortutako artelanei jagokenez, danetarik egin da, margoak, grabatuak, eskulturak, instalazinoak…Arrizabalagak dino, askotan, zerua nagusitzen dala. Josu Rekalde zornotzarrak esate baterako bideoartea sortu dau erakusketa honetarako. Jose Maria Pinto euskal artisteak barriz, margolana.

Bestelako ekintzak

Erakusketaren barruan bestelako ekintzak egingo dira. Etzi, Massimiliano Tonelik berbaldia eskeiniko dau eta zine-foruma be izango da arratsaldeko sei ta erdietan. Bagilaren 15ean, bitartean, Jon Antonen eskutik, piano kontzertua izango da iluntzako zazpiretan museoaren atzeko lorategian. Euria egin ezkero, museoaren barruan izango da.“La divina Commedia” erakusketea garagarrilaren 2ra bitartean egongo da ikusgai Durangoko Arte eta Historia museoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular