Alokairuak luzatzeko beste dekretu bat ipiniko dabe martxan, aurreko proposamenak Kongresuan ezetza jaso ondoren

Sumarreko diputaduak esan deusku herri deszentralizatu baten sinisten dabela

Lander Martinez: “Gernikako Estatutuaren betetze osoaren alde gagoz”

Lander Martinez, Sumarreko diputadua / Bizkaia Irratia

Politika kontuak jorratu doguz gaur Goizeko Izarretan irratsaioan Lander Martinez Sumarreko diputaduagaz. Izan be, gai ugari dagoz pil-pilean aztertzeko. Hasteko, Enplegu Publikoaren Legeaz berbetan gabilz aspaldion, eta euskereak funtzino publikoan euki behar dauen lekuaz. Proposamen bi dagoz, jeltzaleena eta EH Bildurena. Ganera, EH Bildutik esan dabe akordio inklusiboa nahi dabela, Sumar be barruan dala. Horren harira, Martinezek euskerea ikasteko aukeretan jarri dau fokua: “Enfokeari jagokonez, geure jarrerea ezbardina da. Euskal administrazinoan euskerea erabilteko neurriak hartzea beharrezkoa izan arren, geure kezka nagusia ez da hori, baizik eta aukera hori izateko hartzen diran neurriak zeintzuk diran zehaztea. Esaterako, euskerea ikastearen doakotasuna”.

Legebiltzarreko beste eztabaida bat Estatus barriarena da. Kasu honetan, informazino falta salatu dau Martinezek. Ponentzian ekarpen sakona egin ostean, eztabaidatik kanpo gelditu da Sumar orain. Honegaz lotuta, transferentzien negoziazinoa be pil-pilean dago. Esaterako, oraintxe hasiko da Gizarte Segurantzarena: “Gernikako Estatutuaren betetze osoaren alde gagoz. Herri deszentralizatu batean sinisten dogu. Neurriek askoz hobeto funtzionauko dabe hurbileko erakundeen eskuetan”.

Diputaduen Kongresuko kontuetara salto eginda, etxebizitza arloan, alokairuak luzatzeko beste dekretu bat ipiniko dabe martxan, aurreko proposamenak Kongresuan ezetza jaso ondoren: “Momentu horretan, Juntsen eskakizunak lantzen genbilzan eta ez zan denporarik egon”. Orain, Martinezek uste dau posible dala dekretua aurrera ateratzea, bakotxaren eskakizunak zeintzuk diran argi dagoalako. Bitartean, nazinoarteko egoereak eragindako ziurbakotasun egoerea bizi dogu. Horren harira, jentea babesteko hartutako neurriak defendatu ditu Sumarreko diputaduak.

Azkenik, Abalos eta Koldoren auzia martxan da dagoeneko. Martinezek autortu deusku epaiketa jarraitzen dabilela, sozialisten bazkide diran bitartean: “Ikusi behar dogu epaiketan zer gertatzen dan. Geure jarrera politikoa argia izan da hasieratik“. Dana dala, Martinezek nabarmendu dau akusatuek ez dabela harremanik PSOEgaz gaur egun, eta Abalosek hilabeteak egin dituala Talde Mistoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00