'Zer egingo duzu asteburu honetan?' boluntariotza kanpainea martxan

Adimen desgaitasuna daukien personei aisialdiko jardueretan laguntzeko 25 boluntario behar dabez Bizkaian

Laura Cabezas (Gorabide): “Denbora apur bat eta gogoa besterik ez dira behar boluntario izateko”

Laura Cabezas eta Ainara Txopitea / Bizkaia Irratia

Gorabidek boluntarioak batzeko kanpaina barri bat jarri dau martxan ‘Zer egingo duzu asteburuan?’ lelopean. Helburua, alkarteko aisia eta denbora libreko jardueretan adimen desgaitasuna daukien personei lagundu gura deutsen boluntarioak bilatzea da. Laura Cabezas Gorabideko Aisia eta Denbora Libreko koordinatzaileak esan deuskunez, Gorabidek garrantzi berezia emoten deutso aisialdiari, besteak beste, adimen desgaitasuna daukien personen gizarteratzea sustatu eta euren autonomia bultzatzen dalako. Eta hor boluntariotza funtsezkoa da.

Ainara Txopitea bilbotarra igazko abuztuan hasi zan Gorabiden boluntario moduan, ikaskide batek animauta. 20 urte inguruko gazteakaz egoten da hilean behin: osteratxo bat egin, zinera joan, erakusketa bat bisitau… Ekintza bereziagoak be egiten dabez.

Boluntario izateko ez da beharrezkoa ikasketak eukitea, ezta ezagutza espezifikoak be. Gorabidek hasieran prestakuntza eskaintzen dau, etenbako laguntzea emoteaz ganera. “Denbora apur bat eta batez be gogoak izatea” besterik ez dirala behar nabarmendu deusku Cabezasek.

Gorabideko boluntariotzari buruzko informazinoa behar izan ezkero, 944 431 210 telefono zenbakira deitu edo tiempolibre@gorabide.com helbide elektronikora idatzi daiteke.

Gorabide alkartea Bizkaiko adimen desgaitasuna daukien personei eta euren familiei laguntzeko sortu zan 1962an. Alkartearen zeregina, adimen desgaitasuna daukien personen bizi-kalidadea hobetzea da, urtenbide aurreratuak eta kalidadezko zerbitzuak eskainita eta gizarte bidezkoagoa sustatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular