Lautan Hiru antzerki jaialdia hasiko da gaur Bilbon. Zezeilean zehar, lau eguenetan, 8 ikuskizun eskeiniko dira. Lautan Hiru: antzerki txikia, festibal handia egitasmoaren zortzigarren edizinoa da aurtengoa. Euskaltzaindiak alkarlanean antolatzen dauan jaialdia da. Tartean konpainia, BIRA Kulturgunea eta 7Katu gaztetxeagaz batera antolatzen dau. Antzezlanak, BIRAn, Café Bar Bilbaon, 7Katu gaztetxean, AEKren Kalderapeko espazioan eta Euskaltzaindiaren egoitzan eskeiniko dira. Bilboko Udalak babesten dauan ekimen hau, egonkorra dala esan deusku Iñaki Mendizabalek, Euskaltzaindiako komunikazino arduradun eta jaialdiaren koordinatzaileak. Ekimenaren helburua, euskerazko antzerkia hauspotu eta antzerkilariei plaza barrietan aritzeko modua emotea da.
Ipar Euskal Herriari begira
Azken urteetan, jaialdiak Lautan3 laguntzea emoten dau. Gidoiak sortu eta ekoizteko laguntzea emoten dabe. Gaur esate baterako, igaz laguntzea jaso eban Gehibat konpainiako Xabin Fernandezek Zaku Berekoak lana eskeiniko dau. Txotxongiloakaz eskeiniko dau bakarrizketea. Euskaltzaindiaren egoitzan izango da estreinaldia gaur iluntzean. Xabin Fernandezek berak sortu dauz txotxongiloak berrerabilitako objetuakaz. Aurten, Lautan Hiru jaialdia Ipar Euskal Herrira zabalduko da lehenengoz. ‘Iparra galdu dogu!‘ leloa aukeratu dabe. Ipar Euskal Herrian euskerazko antzerki profesionalak bizi dauan egoera kaskarra salatu nahi dabe. Apirilaren 17an, Baionako Biltxokon, antzerki-gaualdia antolatu dabe. Horrez gain, Bilbon Pantzo Hirigarai baxenabartarraren Hautagaia eta Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson bakarrizketea eskeiniko da. Lautan Hiru jaialdian Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteagaz bat egingo dabe barriro Ikusle Kluba eskeiniz. Bat egiten dabe zaleek eta sortzaileek. Jaialdian zehar eskeiniko diren ikuskizunen artean, gogoratu, Café Bar Bilbao-Tartean Teatroren antzerki labur lehiaketan euskeraz irabazi dauan gidoiaren irakurketa dramatizatua egingo dala. Hilaren 26an izango da. Aurten, Xabi Payak lortu dau saria Ganbarako Lana gidoiagaz.
