Lea Artibai eskualdean zahartzeak emoten dauazan aukeren eta arazoen inguruan hausnartuko dabe irailaren 18an Lekeition. Joan dan martian festibal honen bigarren edizinoa egin zan Bilbon, eta orain, Silver Film Festival-a Lekeitiora eroango dabe. Zinea eta beste jarduera kultural batzuk buztartuz, doako egitaraua antolatu dabe irailaren 18rako. Arratsaldeko 18:00etan batuko dira Lekeitioko Ikusgarri aretoan. Iranzun Mentxaka kazetariak gidatuta, mahai inguru bategaz hasiko dabe jardunaldia. Maite Zabala (Nagusiak alkarteko eta Lea Artibaiko Nagusien alkarteko kidea), Nerea Urrutibeaskoa (Lea Artibai Landa Garapen alkarteko arduraduna), Andoni Zulaika (ekimen sozialeko Zabalduz Kooperatibako Garapenerako zuzendaria) eta Leire Markuerkiaga (Lea Artibai Mankomunidadeko presidentea) izango dira mahai inguru horretan.
Maite Zabalak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, hainbat gai aztertuko dabez. Esaterako, emakumeen lana zelakoa dan landa inguruetan, garraio publikoagaz, zerbitzuakaz eta zainketakaz zer gertatzen dan, edadekoek zer daukien emoteko eta zer hartzeko, komunidadeagaz parte hartze aktiboa…
Mahai inguruaren ostean, Asier Altunaren Amama pelikulea ikusteko erea egongo da.