Lehia erabakigarria jokatuko dabe Joseba Ezkurdiak eta Erik Jakak datorren zapatuan Bermeoko Artza pelotalekuan. Izan be, partidu horretako irabazleak lau ta erdiko txapelketako final erdietarako txartela eskuratuko dau Jokin Altunaren aurka jokatzeko Galtzailea, barriz, kanporatuta geratuko da.
Joseba Ezkurdiak garaipen garbia lortu eban final laurenetako ligatxoko lehen jardunaldian Salaberriaren aurka. Bigarren partiduan, ostera, galdu egin eban Peio Etxeberriaren aurka Bilboko Deportivo frontoian jokatutako norgehiagokan. Jaka be, partidu bat irabazita iritsiko da zapatuko lehia erabakigarrira. Aurrelari gipuzkoarrak galdu egin eban lehen jardunaldian Peio Etxeberriaren aurka eta bigarrengoan ez eban jokatzerik izan bere aurkariak, Salaberriak, uko egin eutsalako jokatzeari eskuko minaren ondorioz.
Orain arte gertatutakoak ez dauka garrantzirik eta zapatuko partiduan erabagiko da nor izango dan Jokin Altunaren aurkaria lau ta erdiko txapelketako final aurrekoetan.
Zapatukoa egun historikoa izango da Bermeoko Artza pelotalekuarentzat. Izan be, sekula ez da jokatu Bermeon lau ta erdiko txapelketa ofizialeko partidu bat, ezta binakako txapelketako lehia bat bere ez. Artza pelota alkartetik esan deuskuenez, Beristainek eta Maiz bigarrenaren arteko buruz buruko partidua jokatu zan Artza frontoian. Berrogei urte baino gehiago igaro dira ordutik. Zapatuko jaialdirako sarreren prezioa merkea da, hamar eta hamabost euro bitartekoak.