Aitor Elordik eta Beñat Rezustak Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuren aurka jokatuko dabe barikuan Amorebieta IV frontoian

Bikote irabazleak bizirik jarraituko dau txapelketan eta galtzailea kanporatuta geratuko da

Lehia erabakigarria Zornotzan

Baiko pilota enpresako pelotariak ez dira pozik geratu otzaran aurkitu dabezan pelotekaz / Bizkaia Irratia

Nahi baino gehiago sufriduta sailkatu dira Aitor Elordi eta Beñat Rezusta eskuz binakako txapelketearen play offa jokatzeko. Mallabiko aurrelariak eta Bergarako atzelariak partidu erabakigarria jokatuko dabe barikuan Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuren aurka. Irabazleak bizirik jarraituko dau txapelketan eta galtzaileak kanporatuta geratu dira.

Baiko pilota enpresako pelotariak ez ziran pozik agertu otzaran aurkitu ebezan pelotekaz. Grazi bakoak dirala esan dau Jon Ander Peñak. Barikuko partiduko irabazleak ez dau tarte handirik izango errekuperatzeko, domekan beste kanporaketa bat jokatu beharko dabe-eta, Altuna-Martija eta Artola-Imaz bikoteen arteko partiduaren irabazlearen aurka.

Aitor Elordi eta Beñat Rezustak galdu egin ebezan txapelketearen lehen fasean Peña eta Albisuren aurka jokatutako partidu biak. Kontuak kontu, tentsino handiko partidua jokatuko dabe barikuan Zornotzan.

Beste alde batetik, emakumezkoen Euskotren Winter Series zesta txapelketea jokatuko da Durangoko Ezkurdi pelotalekuan datorren astelehenetik aurrera. Lau bikote izango dira lehian. Helena Barrenetxea eta Arai Lejardik, Maite Ortiz de Mendibil eta Frida Watkinsen aurka jokatuko dabe lehenengo finalerdikoa otsailaren 26an. Bigarren finalaurrekoa martxoaren 4ean jokatuko da eta Erika Mugartegi eta Maialen Aldazabal alde batetik, eta Elaia Gogenola eta Ihart Arakistain bestetik, izango dira aurrez aurre. Arakistainek atzelari lez jokatuko dau, normalean aurreko koadroetan aritzen bada be. Eneritz Lizardi mutrikuarrak ezingo dau jokatu txapelketea eskuin belauneko lotailu  gurutzatuak apurtu egin jakozalako.

Beste alde batetik, lau pelotarik hartuko dabe parte gizonezkoen mailako buruz buruko txapelketan. Johan Sorozabalek eta Ludovic Laduchek jokatuko dabe lehenengo finalaurrekoa otsailaren 26an eta Aritz Erkiaga eta Unai Lekerikabeaskoa lehiatuko dira bigarrengoan martxoaren 4ean. Finalaurreko bietako irabazleek, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, finalak jokatuko dabez martxoaren 11an iluntzeko zazpiretatik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular