
Itxas Soinua Nazinoarteko Musikaldia garagarrilaren 10etik 17ra egingo da. Aurreko urteetan lez, atal nagusi bitan banatuko da: Gau Klasikoak, garagarrilaren 10etik 12ra Andra Mariaren Zeruratzea Basilikan, eta Gau Modernoak, garagarrilaren 16an eta 17an, Ikusgarri Zineman.
Antolatzaileek azken urteetan martxan jarritako barrikuntzei eusten deutse. Oihana Etxabe Itxas Soinuak jaialdiko koordinatzaileak Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, besteak beste, marka eta webgune barria mantenduko dabez, musika-estilo desbardinak buztartzen dauzan programazinoa eskainiko dabe eta Euskal Herriko musikari gazteei protagonismoa emoten jarraituko dabe. Helburua publiko barriak erakartzea eta jaialdia gero eta edegiagoa izatea da.
Horrez gain, abonuen eta deskontuen sistema be mantenduko da, gazteek eta musikazaleek kontzertuetara errazago joateko aukera izan dagien. Sarrerak jaialdiaren webgunean eta Lekeitioko Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira.
