Irailaren 26an, 27an eta 28an izango da aurtengo 'Irailekoak' poesia jaialdia

Miren Agur Meabe: "Euskal poesia sasoirik onenetakoan dago"

Lekeitiora itzuliko da ‘Irailekoak’ poesia jaialdia

Antton de la Lama, Andres Urrutia, Ander Aldazabal eta Miren Agur Meabe / Euskaltzaindia

Irailaren 26an, 27an eta 28an izango da aurtengo Irailekoak poesia jaialdia Lekeition. Euskaltzaindiak antolatzen dau jaialdia, Lekeitioko Udalaren babesagaz eta Lekeitioko Kitto eta Recreatiba alkarteen laguntzeagaz. Gogoratu behar da, 2023ko edizinoa, lehenengoa, Lekeition bertan egin zala, arrakasta handiz ganera. Igaz Itsasun (Lapurdi) egin zan eta aurten barriro bueltetan da Lekeitiora. Miren Agur Meabe Euskaltzandiako idazkari nagusiak azpimarratu dauanez, “gure asmoa da epe luzerako egitasmoa izatea, eta iparraldea eta hegoaldea txandakatuz joatea”.

Irailekoak jaialdiaren helburua euskal poesia sustatzea eta euskal poetei plaza erakargarri bat eskaintzea da. Aurten egun bat gehitu jako egitasmoari, eta Formol Laborategiko Heriotzak Eduardo du izena antzezlanagaz (Ikusgarri zineman, 20:30ean) emongo jako hasierea jaialdiari barikuan. Aurtengo ardatza, aberriaren gaia poesian izango da. Hedoi Etxarte idazleak poesia aberriaren gaia zelan jorratu dan aztertuko dau zapatu goizean. Hortaz ganera, egunean zehar, Eusebio Erkiaga lekeitiar idazleari omenaldia, ibilaldi poetikoa edota errezitaldi musikatua egingo dira. Azken egunean, domeka goizean barriz, Danele Sarriugartek Chus Pato eta Miriam Reyes idazle galiziarrak alkarrizketauko dauz eta ostean, Sonora izeneko ikuskizun poetikoa emongo dabe.

Euskal poesiaren egoerari buruz galdetuta, Meabek baikortasunez hitz egin dau: “Gaur egun euskal poesia sasoirik onenetakoan dago. Nabarmentzeko da idazleen artean, lau belaunalditako poetak idazten gabilzala aldi berean, eta ganera, emakumeen partaidetza periferian egotetik erdigunera pasatu da. Hortaz ganera, ahotsen aniztasuna eta poetiken ugaritasuna dira gure gaur egungo poesiaren indarrak”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00