Zubileta Evolution Zuazo Barakaldo taldea irabazita heldu da ligako atsedenaldira. Grafometal La Rioja gainditu dau (23-28). Garaipen garrantzitsua, zalantza barik. Izan be, barakaldarrek baja asko daukie. Gogorra egin jake denporaldiaren hasierea. Talde handiak aurkari, eta baja ugari. Sei partidu jokatu ditue ligan. Hiru galdu, bi bardindu eta bat, irabazi.
Garaipena une onean heldu da. Ligako geldialdiaren aurretik. Orain, baina, Euskal Kopako partidua daukie. Gaur (21:00) jokatuko dabe Zarautzen, Aritzabatalde kiroldegian. Saria finala jokatzea izango da. Esti Velasco kapitanak esan deuskunez, ez da partidu erreza izango. Zuazok baja asko dauka gaurko be, eta gazteekin ekin beharko deutso partiduari.
Dana dala, Velasco itxaropentsu aurkitu dogu. Jokoan saioan egin dogu beragaz berba. Zarautz talde arriskutsua izan leitekela uste dau. Baina Zuazon badira Zarautz ondo ezagutzen daben jokalariak. Izei Permach eta Ane Zaldua zarauztarrak dira.