Lucia Lacarrak sortutako lehen ballet konpainiak, “Lost Letters” ikuskizuna estreinauko dau asteon Bilboko Arriaga antzokian.Zumaiako dantzaria eta bere konpainia atzo heldu ziran Bilbora, sortu barri daben ikuskizuna Arriagan estreinetako asmoz. Lacarra, gogotsu dago. Estreinaldia Arriagan izatea berarentzat berezia dala esan deusku. Bera, lehenengoz Arriagan aritu zan dantzari.
Konpainia barria, plataformea izatea nahi
Urtebeteko lana izan da ballet konpainia barria sortzea. Erronka handia bere esanetan. Zortzi dantzari dagoz bertan, Lucia Lacarra bera be bai eta Mathew Golding dantzari eta koreografoa. Euren nahia, dantzarien hasiera profesionalerako plataforma bat izatea litzateke. Lacarraren esanetan, ilusino handiz hartuko leuke konpainian hasten diran dantzariei beste toki batzutera joaten laguntzea.
Benetako istorioa ardatz
“Lost Letters” edo galdutako gutunak izeneko ikuskizun honetan, egiazko istorio bat da ardatz. Lacarrak, liburu baten aurkitu eban. Gerra garaiko maitasun gutunen ganeko gutunak agertzen ziran liburu horretan eta batek deitu eban Lacarraren atentzinoa. Soldadu batek emazteari idazten eutson esanaz, momentua bizitzeko eta zoriontsua izateko. Zumaiarrak bere buruari itaundu eutson ia zer gertatuko zan gutun hori ez bazan heldu. “Lost Letters” ikuskizunean sentimendu horreek erakutsi nahi dauz Lacarrak. Rachmaninov eta Richterren musikea dauka ikuskizunak. Era berean, filmea be sortu dabe eta ikusgai egongo da pantaila handian. Zumaian egin da filmearen errodaia Ekain Albiteren zuzendaritzapean. Emonaldien amaieran, Lucia Lacarra eta Mathew Golding, Arriagako Foyerrean izango dira ikusleakaz batera solasaldian, argazkiak ataraten…Hiru emonaldi eskeiniko dira Bilbon, barikuan, zapatuan eta domekan. Ikuskizuna, Arriaga antzokia, Kursaal, Gasteizeko Principal eta Granadako nazinoarteko musika eta dantza jaialdiagaz alkarlanean sortu da. Donostian, Gasteizen eta Iruñean be eskeiniko da “Lost Letters” aurrerantzean.