"Leku batzutan indarkeriaren deslegitimazinoan aurrerapenik ez da egon" zehaztu dau Maite Pagazaurtunduak

Atzo 20 urte bete ziran ETAk Joseba Pagazaurtundua hil ebanetik

Maite Pagazaurtundua: “Josebaren buzoiaren bitartez pedagogia egin dogu”

Maite Pagazaurtundua / Bizkaia Irratia

Atzo 20 urte bete ziran atzo ETAk Joseba Pagazaurtundua tiroka hil ebanetik. Andoaingo udaltzainen burua zana behin baino gehiagotan jazarri eban ETAk, bere kotxea erreta edo bere etxearen kontra molotov koktelak botata. 2003garren urteko otsailaren 08an hil eben. Goizeko Izarretan alkarrizketatu dogun bere arreba Maitek azaldu deuskunez Hernanitik eta Andoainetik Donostiara joan ziran. “Azkenean Euskaditik be alde egin behar izan gendun nolabait arnasa hartu ahal izateko, urteetan berbiktimizazinoa jasan behar izan dogu. Zaila izan da gure bizitza orekatzea baina saiatu gara” kontau deusku Maite Pagazaurtunduak. “Hernanira gitxitan joaten naz, hiletetara baino ez. Hango karteleriak ez dau laguntzen, Hernanin deslegitimazinoaren kulturan ez da aurrerapenik egon” azaldu deusku urteak Errioxan biziten daroazan Pagazaurtunduak.

Argitu bako atentaduak

Joseba Pagazaurtunduaren hilketaren eragilea eta laguntzaileak atxilotu eta espetxeratu ebezan. ETAren edo GALen hainbat atentaduk ordea argitu barik jarraitzen dabe. Justizia eta erreparazinoa bermatzeko atentadu horreek argitzea ezinbestekoa dala uste dau Pagazaurtunduak. “Argitu bako atentaduen kasuan biktimaren familiak badaki errundunak kalean dabilzala, sentsazino hori oso konplikadua da” azpimarratu dau.

Josebaren postontzia

Orain dala urte gitxi Josebaren postontzia jarri eben Andoainen. Helburua urteetan familiari alkartasunik bideratu ez eutsenek baliabide horren bitartez mezuren bat helarazotea zan. “Sorpresa on batzuk euki dogu. Pertsona askorengan alkartasuna jaso dogu. Batzuengan garapen pertsonala agertu da, bilakaera bat, beste batzutan humanizazinorako bidean lotsea be autortu dabe” zehaztu dau Pagazaurtunduak. Gasteizen postontzi horretan batutakoari buruzko erakusketea zabaldu zan atzo Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular