Eusko Jaurlaritzak ez dau baztertzen Galiziatik datorren isurketari aurre egiteko arrantzaleei laguntzea eskatzea

"Hain txikiak diranez gertatu leitekena da arrainek plastikozko bolak jatea" azaldu dau EHUko ordezkariak

Manu Soto: “Itsasoan sakabanatuta dagozan pinportak batzea zaila izango da”

Kaltetutako hondartzetako bat / Greenpeace

Galizia eta Asturiaseko kostaldera heldutako plastiko txikien isuria aste gitxi barru Bizkaiko kostaldera helduko da. EHUko Plentziako Itsas Estazinoko zuzendariordeak Manu Sotok esan deuskunez korronteak pinportak edo plastikozko bola txikiak gure hondartzetara eta amildegietara ekarriko dauz. Orain dala hilabete inguru pelet-a garraiatzen eban zamaontzi batek Portugalgo uretan zamaren zati bat galdu eban eta badoa apurka-apurka Kantauri Itsasotik be zabaltzen. Dilista baten tamainuko plastikozko bolak dira, kolore erdi zuri, erdi gardena dabe, uretan antzemotea gatxa da eta hondarrean hobeto igerten dira.

Galiziako Xuntatik esan dabe ez dirala toxikoak ezta arriskutsuak be, eta honek hautsak harrotu dauz. Espainiako Gobernuak Galiziako Xuntari Prestige-gaz jardun eben lez aritzea leporatzen deutso. EHUko Plentziako Itsas Estazinotik dinoe plastikozko bolatxoak arriskutsuak dirala eta gure kate trofikoan sartu daitekezala. Hegazti eta arrain askok jatekoa dala pentsauta bolatxoak iruntsi eta gaixotu edo hilko dirala esan deusku Manu Sotok. Ez hori bakarrik, bola txiki horreek apurtzean mikroplastiko bihurtuko dirala esan dau eta horrek kutsadurea dakarrela zehaztu dabe.

Galiziako eta Asturias herrietan Xuntari begira egon barik boluntarioen taldeak sortu dabez eta hondartzetatik pinportak euren eskuakaz jasoten hasi dira. Eusko Jaurlaritza badabil egoerari jarraipena egiten. Atzo gabaz Ingurumen sailburuak, Arantza Tapiak sare sozialen bitartez jakinarazo eban AZTIri isurketaren mogimenduaren monitorizazinoa egiteko enkargau deutsola. Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldetara zelan helduko dan jakiteko simulazinoak egiteko eskatu deutso Tapiak AZTIri. Jaurlaritzak gaineratu dau behar izatekotan isuriari aurre egiteko Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradiei be laguntzea eskatuko jakela.

Baina isurketa hau ez dala Prestige-gaz gertatu zanaren modukoa, hori argitu deusku Manu Sotok Plentziako itsas estazinoko zuzendari ordeak. “Oso sakabanatuta dagoz eta zaila izango da arrantzaleen salabardoakaz bolak uretan batzea, masa handi baten pilotuten badira errazagoa izango da” azaldu deusku Sotok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00