Maren musikariagaz amaitu dogu Abanto-Zierbenako Herriz Herri saioa. Gallartan jaioa, hogei urteko musikari honek (hogetabat urte beteko dauz datorren astean) hamalau urte baino ez ebazan bere lehenengo EPa kaleratu ebanean: Alguien sin vergüenza (2018). Ostean etorri ziran Margaritas y Lavanda (2021) disko luzea eta Begixek (2021) EPa.
Telebistako talentu saio baten be parte hartu eban eta esperientzia baliogarri lez gogoratzen dau, nahiz eta oso triste amaitu eban. “Negarrez bueltau nintzan Madriletik etxera kotxez”. Marenek gaineratu dauanez, “garrantzitsua izan zan orain egiten dodazan gauzak ulertuteko”.
Momentu honetan disko barria prestetan dabilela aurreratu deusku. 2024ko martian abiatuko dau birea eta bira horren barruan Bilbon eskainiko dau kontzertu bat. Horren aurretik be Bizkaiko uriburuan kantauko dau Marenek. IX. Fair Saturday jaialdia egingo da gaur eta bihar Bilbon. Egitarau zabala antolatu dabe aurton be, eragin soziala daukien ia ehun kultur ekitaldiz osotua. Gaur gauean egingo dabe inaugurazino ekitaldi nagusia Miribillako Bilbao Arenan. Eta bertan izango da Maren, besteak beste, Bulego, El Langui, Afrika Bibang, Serafin Zubiri eta Xabi Aburruzaga musikariakaz batera. Jaialdi honetan parte hartzeak ilusino handia egiten deutso.