Bilboko Aste Nagusiko programazinoan euskeraz izango dan ikuskizun bakarra izango da aurten Z.U.K.U.A.. Maria Cruickshank eta Ugaitz Alegria aktoreek sortu eta antzeztutako proposamena da, eta biak Lau Haizetara saioan izan dira ikuskizunaren sorrereaz eta helburuez berbetan. Azaldu dabenez, umorea izango da ikuslea erakartzeko tresnea, baina baita eguneroko kontraesanen eta gizartearen presinoen inguruan hausnartzeko bidea be.
Cruickshankek azaldu dau Z.U.K.U.A. Euskalduna Bilbaoren proposamen batetik sortu zala. Aste Nagusiko jai giroaren erdian, publikoari “kit-kat” moduko tarte fresko eta dibertigarria eskaintzea da asmoa. Ikuskizuna bi bakarrizketatan oinarritzen da: Cruickshankek emakume, ama eta feminista moduan bizi izandako esperientziak kontauko dauz; Alegriak, barriz, gorputzaren inguruko presino sozialak eta euskal nortasuna jorratuko dauz.
Bi aktoreen esanetan, umore absurdoak gai sakonak modu naturalean jorratzeko aukerea emoten dau. Horregaitik, helburua ez da barre egitea bakarrik; ikusle bakotxak bere autokritikea egitea eta gizartea hobetzeko keinu txikerren inguruan hausnartzea be bada. Halaber, pozik agertu dira aurten be Bilboko Aste Nagusian euskerazko ikuskizun bakarra izango diralako, nahiz eta etorkizunean euskerazko eskaintza handiagoa egotea nahiko leukien. Z.U.K.U.A. abuztuaren 23an, 26an, 28an eta 29an eskainiko dabe Euskalduna Jauregiko areton txikian.
