Metrokoadroka konpainiaren Laster eroriko da antzezlanak jaso dau aurten AEK-Korrika Sorkuntza Beka. 23.000 euroko laguntzea emongo deutse konpainiari antzezlana sortzeko. AEK-k hirugarrenez emon dau aurten beka hau. Euskal kulturgileek sortutako euskerazko ekoizpenak bultzatzeko jarri eben abian laguntzea. Metrokoadroka konpainiatik Oier Guillanek esan deusku, pozik eta arduraz jaso dabela bekea. Laster eroriko da komedia bat dala esan daiteke. Hori bai, gauza serioak kontetako komedia. 99 urte betetzera doan aitona da istorioan protagonistetariko bat. Bere ilobak, bazkari bat antolatzen hasten dira aitonaren omenez. Kontua da ez dakitela kozinetan eta euskal kanta klasikoen barri be ez daukiela. Belaunaldien arteko transmisinoa eta komunidadearen ganeko hausnarketea egin gura dabe antzezlanaren bitartez.
Antzezlana eta bazkaria batera
Gorka Knorren Agure Zaharra eta Lluis Llachen L’Estaca kantuetatik atara dabe antzezlanaren izenburua. Abesti honeek askotan entzuten dira bazkalosteetan. Asmoa, publikoaren parte hartzea sustatzea da eta ahal dan lekuetan, bazkariak antolatuko dabez antzezlanagaz batera. Publikoa eszenografiaren parte izatea gurako leukie. Idoia Beratarbide izango da Laster eroriko da lanaren zuzendari artistikoa eta Oier Guillan dramaturgiaren arduraduna. Apurka-apurka, antzezlana osotzen joango dira egonaldien bitartez besteak beste. Korrika Kulturalaren barruan eskeiniko da lana 2027. urteko zemenditik 2028ko apirilera bitartean. Korrika Kulturaleko ikuskizun nagusia izango da.
