Santurtziko traineruak Eusko Label Ligara igoteko play offa jokatuko dau datorren astegoienean. Bermeon izango da lehen estropadea, itsaso zabalean erlojupekoan, eta bigarrena Portugaleteko ur baretan, erlojupekoan baita be. Sotera hirugarren sailkatu da aurten KAE1 ligan Pasai Donibane eta Zumaiaren atzetik. Azken honeek ez eben izena emon play offean parte hartzeko eta ondorioz Santurtzik lortu eban aukera hori.
Pasai San Pedro, Pasai Donibane, Ares eta Chapela izango dira bizkaitarren aurkariak. Estropada bietako puntuak eta denporak batu ondoren, lehen sailkatu biek lortuko dabe datorren denporaldian Eusko Label Ligan lehiatzeko aukerea.
Mikel Beaskoa, Santurtziko arraunlariagaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean. Urdaibain bost urtetan aritu ostean, arraunean egin barik egon da azken denporaldi bietan. Aurten, baina, baiezko erantzuna emon deutso Alexander Esteban, Santurtziko entrenatzaileak egindako deiari eta Sotera historikoaren tostetan dabil. Berak esan deusku, ilusino handiagaz ekingo deutsiela igoteko play offari. Santurtzi bigarren urtez jarraian lehiatuko da play offean. Igaz, gauzak okertu egin ziran eta mailea galdu eban.