'Itsasora' estreinau dau BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian

Unai Basurko bidelagun dala, Galiziatik Euskal Herrira bitarteko itsasaldia kontetan dau

Mikel Urdangarin: “Pertsonea ezagutu dot”

Mikel Urdangarin eta Unai Basurko / Bizkaia Irratia

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian estreinau ostean, datorren urtean helduko da zine aretoetara Mikel Urdangarinen Itsasora dokumentala. Abenduaren 5ean estreinau zan Bilboko Euskalduna Jauregian, Mikel Urdangarin Zornotzako musikariaren lehenengo dokumentala. Esan deuskunez, urduri egoan baina gozatu egin eban eta pozik dago izandako harrereagaz. Urdangarinek, Itsasora zuzendu dau, gidoia idatzi eta soinu-bandea be sortu. Unai Basurko nabigatzaile ezaguna da, beragaz batera, protagonista filmean. Basurko ezagutu izanak bultzatu eutson filmea egitera orain bost urte.

Itsasoko bizitza

Galiziatik Euskal Herrira egindako itsasaldia agertzen da filmean. Road-movie modura aurkezten dau egileak. Filmean, Unai Basurkoren balentria azpimarratzen da. Lehorreko bizitza eta itsasoko bizitzaren arteko aldea erakusten da bertan. Urdangarinek dino, itsasoaren magnetismoa kontetan dauala. Filmea egiterakoan, pertsonea ezagutzeko erea izan dauala aitortu dau Mikel Urdangarinek. Filmearen lehen zatian, zuzendaritzan, Telmo Esnalen laguntzea izan eban. Gidoia berea da eta 5-6 aldiz idatzi ebala esan deusku. Musikea sortzerakoan, Koldo Uriarte izan dau ondoan. Amaieran barik, soinu-bandea, filmea errodatu ahala sortu dauala azaldu dau. Itsasora filmearen musikea, plataformatan entzungai egongo dala esan deusku Urdangarinek. Dokumentala Amura ekoizpen-etxeak kaleratu dau. Amura, Amaia Ocerinegaz batera sortu dau zornotzarrak. Proiektuagaz batera sortu zala esan deusku. Euren asmoa, eduki zainduak, hurrekoak eta nortasun kultural sendokoak sortzea da. Itsasora Mendi Film moduko jaialdi baten estreinau izana bultzadea dala dino Urdangarinek. Datorren urtean, zine aretoetan eskeini ahal izatea itxaroten dau egileak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00