Enplegu Publikoaren Legean, EH Bilduk Legebiltzarrean aurkeztutako proposamenagaz bat egiten dau ELAk

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek euskeraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzeko manifestazinoa antolatu dabe zapaturako Bilbon

Mitxel Lakuntza: “Euskerea eta gaztelaniaren exijentzia parekatu behar da”

Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusia / Bizkaia Irratia

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek euskeraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzeko manifestazinoa antolatu dabe zapatu honetarako, maiatzaren 9rako, Bilbon. Euskerearen eta gaztelaniaren estatus juridikoa parekatzeko aldarrikatuko dabe. Honen gaineko argibideak emoteko, Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiagaz egin dogu berba: “Aurrerapausoa emotea erabagi dogu euskeraren egoerea ikusita, lan munduan bereziki. Euskeraren kontrako oldarraldiak berebiziko garrantzia dauka lan esparruan“. Enplegu Publikoaren Legeari jagokonez, EH Bilduk Legebiltzarrean aurkeztutako proposamenagaz bat egiten dabe: “EH Bildurena babesten dogu. Batetik, euskerea eta gaztelaniaren exijentzia parekatzen ditualako. Bestetik, hizkuntza biak exijitzen ditualako. Azkenik, malgutasunagaz, bide horretan aurrera egiteko baliabideak jarten ditualako”.

Bestalde, maiatzaren lehenengoa joan barri da. Lakuntzak egunaren balorazino positiboa egin dau: “Aldarrikatzeko eguna da maiatzaren lehenengoa. Halanda be, sindikatuentzat egun polita da”. Aldarrikapen ugariko eguna izan zan beraz, tartean Gitxieneko Soldata Propioarena.

Tubos Reunidos enpresaren egoerari jagokonez, enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu da. Ganera, emoten dau langile eta enpresa batzordearen artean zatiketea dagoala. Batetik, amaiera jakin bako huelga deialdia dago, ELA, LAB eta ESK sindikatuak ordezkatuta dagozan enpresa batzordeak deituta. Bestetik, langile batzuk horren inguruko asanblea egin gura dabe eta sinadurak aurkeztu ditue, bihar bertan asanblea hori egiteko. Lakuntzak bere ikuspuntua plazaratu deusku: “Inor ez ditu sinadura horreek ikusi. Zatiketa bat dago enpresak hori bilatu daualako. Geuk ez dogu hori onartuko. Enplegua defendatzen jarraituko dogu”.

Azkenik, Europar Batasunak inoizko energia krisirik larrienaren aurrean gagozala jakin eragin dau. Horren harira, Lakuntzak dino etorkizuna ziurgabea dala: “Egungo sistema kapitalistaren eta inperialistaren ondorio da. Mundu honek dituan arrisku nagusi bien aurrean gagoz: Trump eta Netanyahuren gobernuak”. Kontuak kontu, ELAko idazkari nagusiak uste dau babes neurri gehiago hartu daitekezala, jendea babesteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00