
Athleticek Real Madril jasoko dau domeka honetan San Mamesen, eguerdiko 12:00etan. Emakumezkoen ligan, bigarren eta hirugarren sailkatuak dira momentu honetan Real Madril eta Athletic, hurrenez hurren. Halanda be, 14 puntuko aldea dauka talde madrildarrak bere alde. Athleticen aurkari zuzenak Txapeldunen Ligarako sailkapena lortzeko lehian, beraz, Atletico Madril eta Erreala dira.
Domekako partiduaren atarian, Nahikari Garcia Athleticeko aurrelari gipuzkoarragaz egin dogu berba Jokoan irratsaioan. Garciak dino Real Madril oso ondo dagoala momentu honetan. Izan be, Real Madril bizirik dago oindino Errege Kopan zein Txapeldunen Ligan eta Bartzelonaren erritmoa jarraitzeko ahalegina egiten dabil emakumezkoen ligan. Ganera, Garciak ondo ezagutzen dau Real Madril, bertan jokatu ebalako 2021etik 2023ra.
Garciari jagokonez, aurrelari urnietarrak hiru gol sartu ditu aurtengo denporaldian. Dana dala, bere bertsinorik onena etortzeke dagoalakoan dago. Horren harira, uste dau selekzinoen etenaldia ondo etorri jakola Athleticeri, atseden hartzeko eta denporaldiaren azken txanpari ekiteko. Halanda be, albiste txarrak be jaso ditu taldeak aste honetan. Esaterako, Clara Pinedo lesionatu egin da. Jokalari bizkaitarrak lesinoa dauka eskuin hankako muskulatura iskiosuralean eta ezin izango dau domekako partiduan parte hartu.