Euskadiko 10 eta 20 urte arteko 7.600 haur eta nerabe baino gehiagoren erantzunetan oinarritu dira

'Haurtzaroa, nerabezaroa eta ongizate digitala' txostena argitaratu dau Unicef-ek

Nerabeen erdiek ingurune digitaletik deskonektatzeko beharra sentiduten dabe

'Haurtzaroa, nerabezaroa eta ongizate digitala' txostena argitaratu dau Unicef-ek / Depositphotos

Haurtzaroa, nerabezaroa eta ongizate digitala. Osasunaren, bizikidetzaren eta erantzukizun sozialaren ikuspegitik egindako hurbilketa txostenak telefono mugikorraren, sare sozialen edo bideo-jokoen kontsumo ohiturak aztertu dauz haur eta nerabeen artean. UNICEF Espainiak, Santiagoko Unibertsidadeak, Informatika Ingeniaritzako Elkargo Profesionalen Kontseilu Nagusiak eta Red.es-ek egindako ikerketa da.

Euskal Autonomia Erkidegoko 30 ikastetxetako 7.600 haur eta nerabe baino gehiagoren eretxiak hartuko dabe oinarri lez. Txostenak teknologiaren eta pantailen erabilera aztertzen dau haurtzaroan eta nerabezaroan, mugikorraren eta sare sozialen kontsumo-ohituretatik hasi eta bideo-jokoen, online apustuen eta pornografiaren kontsumoa be jorratuz. Azterketak erakundeei, ikastetxeei, sektore pribaduari eta enpresa teknologikoei zuzendutako proposamenak be eskaintzen dauz, ingurune digital segurua lortzeko.

Txostenak jasotzen dauanez, gazteek lehen mugikorra 11 urtegaz jasotzen dabe, eta 13 urtetik beherakoen %73,7 erregistrauta dagoz sare sozialen baten. Gaztetatik dagoz mundu digitalak ekarri leikezan arriskuen menpe. Nerabeen erdia baino gehiagok ingurune digitaletik deskonektatzeko beharra sentiduten dau.

Manu Machimbarrena EHUko Psikologia doktorea eta ikerketa honen talde zientifikoko kideak azaldu deuskunez, beharrezkoa da gurasoen bitartekaritza handitzea. Halanda be, egin dan txostena, Machimbarrenaren esanetan, ez da familiei ezer leporatzeko, laguntzeko baizik. Ganera,  gurasoen bitartekaritzaz gain, erakundeek, eskola inguruneak eta sektore pribaduak erantzukizuna daukiela gaineratu dau Ehuko Psikologia doktoreak eta ikerketa honen talde zientifikoko kideak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00