Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka demografikoaren sailburuagaz berba egiteko aukerea euki dogu Bizkaia Irratian aste berezi honetan. Izan be, Espainiako Gobernuak asteon ekingo deutso migratzaileen ezohiko erregularizazinoari. Sailburuak esan deuskunez, Espainiako Gobernuaren eskumeneko prozesua izan arren, Eusko Jaurlaritzak lankidetzarako borondateagaz jardun dau: “Orain dala zazpi aste egin genduan berba Elma Saiz ministroagaz Madrilen. Estatuak esan euskun bakarrik egin gura ebela, geure laguntzarik barik. Halanda be, gida barri bat egingo dogu atzerritarrei ezohiko erregularizazino-prozesuan laguntzeko“.
Orain dala aste batzuk, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputaduak azaldu euskun 2024an salatu ebela susmoa ebela adinez txikiko migratzaileen zentroetan adinez nagusikoak egozala. Bere esanetan, momentuz ez dabe erantzunik jaso eta ez da ezer egin. Aldundiak probak egiteko eskatzen dau, momentuz ezelango erantzunik barik. Melgosa ados dago Antxustegik esandakoagaz eta bakotxak bere lana egin behar dauala azpimarratu dau: “Guztiok egin behar doguz geure etxeko lanak. Adin nagusikoak ezin dira adin txikikoen baliabideetan egon”.
Bestalde, Haurren eta Nerabeen Konferentzia Sektoriala bertan behera geratu zan pasa dan astean. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak dituan eskumenak handitzea eskatzen dau sailburuak. Ganera, Estatuak egiturazko estrategia bat garatzea gurako leuke, haurrak eta nerabeak zaintzeko asmoz. Bestalde, gazteentzako emantzipazino laguntzak be kudeatzen ditu Melgosaren sailak. Programaren balorazino positiboa egin dau, emantzipazinoaren ganean hausnartuta: “Emantzipazinoa ez da bakarrik etxebizitza. Lan duina eta ongizate emozionala emantzipazinoaren parte dira“.
Familian mugikorrik gabe igarotzeko lehen eguna
Euskadik familian mugikorrik gabe igarotzeko lehen eguna ospatuko dau zapatuan, apirilaren 18an: “Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde arteko V. Planean jasotako ardura da. Hor egoan kezka eta koxka. Gaiari heltzeko lehen ideia da”. Bilbon gune parte-hartzailea kokatuko dabe Casilla Iturrizar parkean. Familiek mugikorrak zainduta egongo diran poltsa seguru batean izteko aukerea eukiko dabe, baita adostutako ordu kopuruan mugikorrik gabe esperimentatzeko aukerea be. Ganera, opari sinboliko bi emongo dira: oihal pertsonalizatuko poltsa berrerabilgarria eta sakelako telefonoentzako euskarri bat.
