Hasierako Lanbide Heziketan, erdi mailakoan edo goi mailakoan hainbat ikasle dagoz

"Mila gazte etorkin inguruk LHn praktikak egiteko aukerea eukiko dabe" azaldu dau Jaurlaritzako ordezkariak

Nikolas Sagarzazu: “Lanbide Heziketak formazinoa emoten dauen 23 sektoretan beharginak falta dira”

Lanbide Heziketa / Irekia

Paperik ez daben etorkinek Lanbide Heziketarako praktikak egin ahalko dabez Euskadin. Eusko Jaurlaritzak horretarako baimena emon dau eta horren ondorioz Gizarte Segurantzan erregistrauta ez dagozan 1.000 etorkin ingururi praktiketarako atea edegiko jake. Hezkuntza sailak topautako formula juridiko bati esker neurri hau egi bihurtu ahalko da. Nikolas Sagarzazu Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Plangintza eta Antolaketarako zuzendaria Goizeko Izarretan saioan euki dogu gaur.

“Ez ohiko kasuetan, ikasleek praktikak enpresetan egin ezin dabezanean legeak dino ikasleek praktikak ikastetxeetan egin ahalko dabezala eta orain horretarako aukerea dago” azaldu dau Sagarzazuk. Hasierako Lanbide Heziketan, erdi mailakoan edo goi mailakoan ikasten dabilzan gazte atzerritarrek eukiko leukie aukera hori. Helburuak gazte honeen duintasuna bermatzea eta hainbat enpresek langileak eukiteko daben arazoari urtenbidea emotea litzatekez.

Hasierako Lanbide Heziketa

Orain arte Oinarrizko Lanbide Heziketa zana Hasierako Lanbide Heziketa bihurtu da. Hezkuntzaren alor horretan eskola porrota jasan dabenak edo gazte etorkinak metatu dira, eta egoera zaurgarrian dagozan gazte horreei bide barria edegi gura deutse Jaurlaritzak. “Gizarte kohesinoa bermatu nahi dogu, kasu honeetan 7 kolektibo desbardin hartu ahalko doguz eta hainbat ibilbide eskainiko deutseguz lau urtetan bi titulu eskuratu ahal izateko. Ibilbide egokituak izango dira, ikasleek dabezan zailtasunei erantzuna emongo deutsenak” adierazo deusku Sagarzazuk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00