Ekonomia zirkularrean oinarritutako eta izaera barritzaile aipagarria dauan egitasmo baten dabil lanean Leartiker. Zehatz esateko, oilo-saldaren ekoizpenean sortzen diren oilo- eta landare-egosketaren hondarretatik eratorritako produktu barrien garapena. HeG “Hezur ez Gezur” izeneko proiektu hau, erakunde ezbardinen alkarlanari esker sortutako egitasmoa da: Delikatetxe (tokiko ekoizleen Km0 osagaiekaz egindako elikagai osasungarrien kooperatibea), Basque Food Laboratory, Bilboko Ostalaritza Goi Eskolako ikerketa eta barrikuntza gastronomikoaren arloa, eta Leartiker, Elikagaien Teknologian espezializatutako zentro teknologikoa. Alkarlan horri esker errute-oiloaren ekoizpenaren sektoreen, sektore eraldatzailearen eta I+G+B zentroen arteko interakzinoa lortu da.
2022. urte amaieran, proiektuari hasiera emon jakonetik, produktu barriak sortzeko laborategi-fasean lan egin da, balorazino handiena daben produktu eraldatuak garatu eta hautatzen: nugget estiloko haragi-produktu bat, eta pasta edo ore zabalgarri bat.
Hasiera batetik egitasmo honen helburua gizakien elikadurarako haragi-produktu eratorriak garatzera bideratuta egon bada bere, animalien elikadurarako eratorriak garatzeko aukera bere aztertu da. HeG egitasmoko partaidea dan Elorrioko Delikatetxe enpresak beste garapen-lerro hori lantzeko instalazinoak eta osasun-baimena ditu, eta produktu-kategoria hori lehiakorragoa izan leitekela uste da, jarduera barriaren bideragarritasuna ahalbidetu leikiela. Proiektu guzti honen barri Iratxe Olazaranek emon deusku.