Open House Bilbao arkitekturea herritar guztiei hurreratzeko sortu zan

Bisita gidatuak, tailerrak, berbaldiak eta doako jarduera ugari eskainiko dira

Open House Bilbao jaialdiak hamargarren edizinoa ospatuko dau udagoienean

Open House Bilbao jaialdiaren bisita gidatu bat / Bilboko Udala

Bilboko arkitekturea, ondarea eta urigintza herritarrengana hurreratzeko helburua dauka Open House Bilbao. Jaialdiak hamargarren edizinoa ospatuko dau irailaren 28tik urriaren 4ra. Urteurren berezi honetan, bisita gidatuak, tailerrak, berbaldiak eta doako jarduera ugari eskainiko dira, eta aurtengo programazinoak Bilbo eregi daben ofizio, material eta jakintzak izango dauz ardatz.

Jaialdian boluntario izateko izen-emote epea zabalik dago. Iñigo Diaz de Olarte boluntarioen arduradunak azaldu dauenez, Open House Bilbao arkitekturea herritar guztiei hurreratzeko sortu zan, eta ez dago arkitekturan aditua izan beharrik parte hartzeko. Urtero ehundaka lagunek laguntzen dabe bisitariei harrera egiten, taldeak gidatzen eta jaialdia aurrera ateratzen.

2017an lehen aldiz egin zanetik, Open House Bilbaok hazkunde nabarmena izan dau. Hasierako asteburuko egitarautik aste osoko programazinoa eskaintzera igaro da, eta gaur egun Open House Worldwide nazinoarteko sarearen parte da. Antolatzaileek nabarmendu dabe hamargarren urteurrena aukera parebakoa izango dala Bilboko ondarea beste ikuspegi batetik ezagutzeko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00