2022ko garagarrilaren 9an 100 urte bete ziran Gorbeiako Igiriñaoko aterpea inaugurau zanetik. Orduan Zeanuriko Udalak ekitaldia antolatu eban bertan, mendeurrena gogoratzeko eta Eleuterio Goikoetxea sustatzaileari omenaldia egiteko. Besteak beste, mendiko aterpe ostatuaren hormetako baten plaka oroigarria inaugurau eben. Orain, ‘Eleuterio Goikoetxea eta Eleuterioren txabola (Gorbeia). 1922-2022’ liburua aurkeztu dau Jon Urutxurtuk. Liburua euskeraz eta gazteleraz idatzita dago eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker argitaratu da.
Egileak Lau Haizetara irratsaioan azaldu deuskunez, liburua idazteko hiru arrazoi izan dauz. Batetik, Eleuterioren txabolak 100 urte bete izana. Bestetik, sasoi haretarako ekimena aintzindaria izan zala. Eta azkenik, geu be konturatzea gaur egun barritzailetzat daukaguzan ekimen batzuk, orain dala 100 urte gure aurrekoek egin ebezala.
‘Eleuterio Goikoetxea eta Eleuterioren txabola (Gorbeia). 1922-2022’ liburuak 100 orrialde inguru daukaz eta testuez gain, 65 bat argazki, mapa, plano… batzen dauz. Egitureari jagokonez, Eleuterio Goikoetxearen biografiari buruzko datuak emonez hasten da. Gero, Eleuterioren txabolea sortzen dan testuingurua aztertzen da. Jarraian, eraikuntza prozesua eta 1923ko eta 1927ko handitze lanak aitatzen dira. Eta liburuaren azkanengo partean, mendiko aterpe-ostatuaren salmenteari eta jaube barriei buruzko zehaztasunak emoten dira, eta baita mendeurrenaren ospakizunei buruzko informazinoa be.