Pantxoa eta Peiok oroitzapen berezia mantentzen dabe Bilboko Santutxu auzoan 1976. urtean eskeinitako kontzertuaz. Maiatzaren 9an bueltatuko dira Pantxoa Karrere eta Peio Ospital Santutxura. 2027ko urtarrilean BECen eskeiniko dabezan azken kontzertu handi bien aurretik eskeiniko daben Azken Biraren barruan sartzen da Santutxuko emonaldia. Bizkaia Irratian izan dira gaur musikari biak. Eskeiniko dabezan azkenengo kontzertuak direla eta, gaztetuta, pozik eta urduri dagozala esan deuskue. Gogoratu behar, urtarrilaren 10erako ez dala sarrerarik geratzen eta urtarrilaren 9an joan ahal izateko gitxi batzuk geratzen direla. Peio Ospitalen esanetan, euren ibilbideak holango amaiera duin bat behar eban.
Santutxuko emonaldia
Pantxoa eta Peiorentzat esangura berezia izan eben kontzertuak izango dira datorren astean hasita eskeiniko dabezanak. Santutxun, 1976. urtean izan zan bikotea. Ikurriña bat agertu zalako Espainiako poliziak bertan behera itxi eban kontzertua. Jose Ramon Etxebarriak, Santutxuko orduko antolatzaileetario batek gogoratu deusku, zazpi mila lagun batu zirela. Gazteek bultzatutako ekimena izan zan eta gaur egunekoa be gazteek antolatu dabe, Dabi Piedra tartean. Iparraldeko bikoteak be oroitzapen berezia dauka Santutxuko kontzertuaz. Datorren asterako, ez da sarrerarik geratzen. Pantxoa eta Peiok Bergaran eskeini eben Hegoaldeko lehenengo kontzertua. 200 lagunen aurrean kantatzera ohituta egozan eta 2.000 lagun batu ziran kontzertu hartan. Irailaren 16an izango dira barriro bertan. Iruñean izango dira aurretik, maiatzaren 24an. Lesakara, irailaren 5ean bueltatuko dira. Kasu honetan, goardia zibilak atxilotu ebezan eta kuartelean igaro eben gaua. Azkenik, Baionan eskeiniko dabe kontzertua abenduaren 11n. Ostean etorriko dira azkenengo emonaldi biak BECen. Ohikoa dan lez, Ipar eta Hego Euskal Herriko musikariak izango dabez ondoan. Dánae Riaño euskal aktore eta abeslaria izango da euretariko bat, baxujolea. 55 urteko aldea dago euren artean. Josu Erviti perkusinoan, Iñaki Dieguez eskusoinuagaz, Mixel Ducau gitarran eta Gorka Pastor teklatuetan dira gainontzekoak. Errepertorioari jagokonez, kantuen aukeraketa bat egin dabela esan deuskue. Pantxoa eta Peiok urtarrilaren 9an eskeiniko daben kontzerturako sarrerak pantxoaetapeio.eus webgunean eskuratu daitekez.
