
Paul Laka Sortu alderdiko Bizkaiko koordinatzailea izan da Goizeko Izarretan irratsaioko barriketaldian. Orain dala 49 urte martxoaren 3an Gasteizen hildakoak gogoan hartuta, “herri mugimenduek eta sindikatuek egindako lanaren emoitza” azpimarratu dau. Espainiako Gobernuak memoriaren gune izendatzea be euren lorpentzat jo dau.
Otsailean EHBilduk egindako kongresuan adostutako hirugarren eraldaketa baten beharrari erreferentzia eginez, alderdi batek berak bakarrik baino, adostasunera helduta aurre egiteko erronkak dagozala nabarmendu dau. Eraldaketa horren ardatzetako bat “estatus barria” izango dala gaineratu dau, “horrek zabalduko dabezalako ateak eraldaketa prozesu horretan herri honek ze indar posiziotik ekingo deutsien” zehazteko.
Fiskalidadearen erreforma be aipatu dogu barriketaldian. Azaleko aldaketak baino “eredu aldaketa” baten alde dagozala esan dau, eta orain arteko proposamenetan holangorik ez dabe ikusi. Horregaitik aurkeztu dabe osoko zuzenketa. Halan be, eztabaidatzen jarraitzeko prest dagozala nabarmendu dau, baina ez gaur egungo eredutik.