Urte batzuk isilik egon ostean, izen barriagaz bueltau da Kristonak talde bizkaitarra. Eskean Kristo izenagaz kaleratu eben lehenengo maketea 2013an, baina orain euren bosgarren diskoan Kristonak izena hartu dabe. ‘Ahobetehortz’ (Elkar) da jaiotza barri honen lehenengo lana eta taldeak bere betiko nortasunari eusten deutso lan barrian. Izena da taldeak izan dauan aldaketa bakarra. Taldekideak be bardinak dira: Pello Artabe (abotsa), Alex Harillo eta Aritz Ontalvilla (kitarrak), Peio Artetxe (baxua) eta Manu Forte (bateria).
Peio Artetxe bajisteak azaldu deuskunez, “disko borobila kaleratu dabe, denbora luzean landu daben diskoa izan da eta asmoa jentea aho bete hortz iztea izan da”.
Rock and rolla oinarrian daukien zortzi kantuk osotuten dabe ‘Ahobetehortz’. Kolaborazino ezagunak izan dabez diskoko bost kantutan: Niko Etxart, Roberto Moso (Zarama), Aiora Renteria (Zea Mays), Jose Mari Bizardun eta Olana Liss. Etxartek ‘Azote kaldüz’ (2014, Baga Biga) diskoan kolaborau eban talde bizkaitarragaz eta oraingoan be eurekaz kantau dau. ‘Ahobetehortz’ 2022ko zezeila eta ekaina artean grabau eben, Donostiako Elkar estudioetan eta Victor Sanchezen gidaritzapean.
Kontzertuak
Kristonak orain zuzenekoak eskaintzen dabil. Urtarrilean eskaini eben ibilbide barri honetako lehenengo kontzertua Ondarroan eta joan dan astean Zornotzan jo eben. Hurrengo kontzertuak Arrasateko gaztetxean (zezeilak 16), Bilboko El Muelle aretoan (zezeilak 25), Donostiako Dokan (martiak 3) eta Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan (martiak 16) izango dira.