Bizkaiko enpresen mundura Gipuzkoako Garapen Agentzien eredua ekartea proposatu dau Pello Otxandianok

"Osakidetzan karrera profesional erakargarriak sortu behar doguz" esan dau EH Bilduko lehendakarigaiak

Pello Otxandiano: “Euskeraren Lege barri bat behar dogu”

Pello Otxandiano (EH Bilduko lehendakarigaia) / Bizkaia Irratia

Atzoko lehendakarigaien eztabaidan (ETB2) debatearen maila igoten ahalegindu zala esan dau Pello Otxandianok (EH Bildu) gaur Goizeko Izarretan irratsaioan. “Ez da erraza hori lortzea, formatoak edukizko debate baterako baino espektakulorako aukerea emoten dauelako” gaineratu dau EH Bilduko hautagaiak.

Osasun politikei buruz itaunduta, Osakidetzako plantilearen behin-behinekotasuna %54koa dala salatu dau Otxandianok. “Hori lan baldintzak kaskartu izanaren ondorio bat da. Arau bitartez karrera profesional erakargarriak eskaini behar dira asistentzia sanitarioa, ikerketea eta formazinoa bateratuta. Arazo honen konponbidea ez da egun batetik bestera lortzen. Osakidetzara medikuak itzultzeko pertsonal politika barria eta iraunkorra behar da” adierazo dau politikari bizkaitarrak.

Hizkuntza Politiketan aurrera pausoak emotearen beharraz be berba egin dau. Euskerearen normalizazinoaren aurka izandako ebazpen judizialei aurre egiteko eta euskeraren erabilerea handitzeko beharrei buruz gogoeta egin dau. “Momentua da Euskeraren Lege barri baten planteamendua egiteko. Hizkuntza politika batzuk agortuta dagoz, aterki legala emongo deuskun araubide barri bat behar dogu” azpimarratu dau.

Enpresa txiki eta ertainek aurrera begira izugarrizko erronka daukela uste dau EH Bilduren lehendakarigaiak. Arlo honetan, Otxandianoren eretxian lurraldeen artean ezbardintasunak dagoz. “Garapen Agentziek zeresan handia euki leikie, Gipuzkoakoek garapen ekonomikoan eragin handia dabe baina Bizkaiko Behargintzak ez dira garapen ekonomikorako tresna funtzionala. Hor asko dago jokoan” esan dau Otxandianok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular