Alesander Aretxabaleta eta Benito Artetxeren gorpuzkinen bila jarraitzen dabe senitartekoek

J. Aretxabaletak eta I. Artetxek Aranzadiko forentseen lana gertutik ikusi ahal izan dabe

“Salaketek Cuelgamuroseko kriptetako lanak eten dabez”

Jaone Aretxabaleta eta Iñigo Artetxe / Bizkaia Irratia

Gaur egungo Cuelgamurosen kriptatik gorpuzkinak atarateko lanak barriro gelditu dira. Beste salaketa bat aurkeztu dabe eta salaketa bat aurkezten dan bakotxean prozesua eten egiten da. “Talde ultraeskuindarrek Aranzadiko forentseen lana eteteko salaketak eten barik aurkezten dabez” salatu dau Jasone Aretxabaletak gaur Goizeko Izarretan irratsaioan. Bien bitartean baina, kriptetatik ataratakoak aztertzen eta lanean jarraitzen dabe Aranzadikoek laborategian.

Cuelgamurosen Aranzadi Zientzia Alkartearen lanaren barri jaso dabe han senitartekoren baten gorpua daben hainbat familiek. Euren senitartekoren bat lurperatuta daben 40 familia baino gehiagok hartu dabe parte hantxe forenseek egindako bisita gidatuan. Iñigo Artetxeren eta Jasone Aretxabaletaren senitarteko bana Cuelgamurosen dagoz, hantxe egon dira biak eta euren testigantzearen barri jaso dogu. Benito Artetxe, Iñigoren senitartekoa kutxa indibidual baten dago eta Alesander Aretxabaleta, Jasoneren familiako kidea hainbat pertsonen gorpuzkinak nahastauta daukazan beste kutxa baten.

Memoria Historikoaren Legeak bizirik irautearen garrantziaz berba egin deuskue senitartekoek. “Alderdi Popularra  Espainiako Gobernura heltzen bada, Cuelgamuroseko lan guztiak behin betiko geratuko dira. Valentzian eta Gaztelan hartu dabezan erabagiei begiratzea besterik ez dago” azaldu dau Iñigo Artetxek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular