Sopelako Esaera Zaharren Txapelketaren ganeko 30 urteko historia batu da liburu baten. Aurreko astean egin zan Sopelan, 31. Esaera Zaharren Txapelketea. Bertan aurkeztu zan Aitor Fernandez de Martikorenak egin dauan liburua. AEKko irakaslea da bera eta AEK da Sopelan egiten dan txapelketa honen antolatzailea. 90ko hamarkadan hasi ziran antolatzen irakasle biren ekimenez. Taldeka egiten da goizean hasi eta arratsaldera bitartean. Bertsoak entzun eta eurei lotutako esaera zaharrak identifikatu behar dabez parte-hartzaileek. Zenbat eta gehiago identifikatu puntu gehiago lortuko dabez. 30 taldek hartu eben parte aurreko astegoienean eta giro onean egin zan azken txapelketea. Sopeloztarrentzat be urteko hitzordu garrantzitsuenetarikoa bihurtu da honakoa. Bertsolariak eta musikariak be izaten dira tartean. Aissa Intxausti eta Aner Peritz bertsolariak izan ziran aurrekoan. Txapelaz gain, landetxe baten astegoiena igarotzeko lagun birentzako txartela izaten da saria.
Liburua
Txapelketaren egunaren bezperan aurkeztu zan Sopelan, Fernandez de Martikorenaren lana. Kurtzio kultur etxean batu ziranak ganera, lehiaketa txiki baten hartu eben parte. Liburua bera izan zan saria. AEKk emon eutson txapelketaren ganekoak idaztearen ideia Fernandez de Martikorenari. Liburuan, batetik, parte hartu dabenei begira txapelketaren historiaren barri emoten dau, argazki ugari sartuta eta bestetik, material didaktikoa eskaintzen dau. Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa: edo nola (ez) antolatu herri ekintzak liburua euskaltegietan eskuratu ahal izango da laster. Aurretik egileak berak dauka lana banatzeko ardurea.
