Nazinoarteko gaietan sakondu dogu gaur Bizkaia Irratian, kezka handia dago orokorrean eta. Iran eta Ekialde Hurbilera begiratu dogu batez be, eta argibideak emoteko geugaz euki dogu beste behin Txente Rekondo, nazinoarteko gaietako aditua. Iran eta Ameriketako Estatu Batuen arteko bakerik ez dago momentuz. Aspaldion ez da aldaketa handirik egon: “Momentu honetan, ez dago ez gudarik ez bakerik. Ika-mika puntualak dagoz, Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek adierazpen bortitzak egin bitartean. Edozelan be, Iran ez dago bere uranio aberastuaren erreserbak inori emoteko prest”. Hori dala eta, Rekondok esan deusku, bere ustez, Ameriketako Estatu Batuek dabela bake-akordiorako premina handiagoa.
Ormuzeko blokeoa amaitzea eta programa nuklearra, biak dagoz jopuntuan bake negoziazinoetan eta biak dira gai korapilatsuak. Konponbideari jagokonez, betiko moduan, diplomaziaren alde agertu da Rekondo: “Diplomaziari atea ireki behar jako. Horren harira, bide diplomatikotik datozan proposamenak indartu behar dira”. Ganera, Israelen sorrera jo dau zonaldean dagoan ezegonkortasunaren arrazoitzat.
Ukrainari jagokonez, hiru eguneko su-etena adostu baeben be, alde biek alkarri leporatu deutse urratzea. Hau klasikoa da: “Garaipenaren Egunean emondako diskurtsoan, Putinek argi esan eutson Washingtoni alkarrizketarako prest dagoala, baina indar posizino batetik, noski”. Trumpen asmoa Ukrainako gerrea ahalik eta arinen amaitzea izan arren, asko luzatu jako hau be. Kontuak kontu, azken egunotan ezagutu dogu Trumpek Txinara osterea egingo dauala asteon, maiatzaren 13tik 15era. Rekondok uste dau goi-bilera interesgarria izango dala.
