Udabarriko Sormene jaialdia egingo da Galdakaon maiatzaren 16tik 19ra bitartean. Sortzaileen plaza bihurtuko da barriro be Galdakao lau egunez. Orain arteko edizinoetan emakumea eta euskerea oinarri izan dira. Zazpigarren honetan, migranteen begiradea be sartuko da. Emakume migranteen azalera eroango gaitu kultureak jaialdian zehar antolatzaileen esanetan. Sortuz ahaldundu! Zazpi Jauzi! leloa aukeratu dabe hain zuzen.
Egitaraua
Booktuber lehiaketaren sari banaketeagaz hasiko da jaialdia. Maximo Moreno musika eskolan egingo da. Ikastetxe desbardinetako ikasleak batuko dira bertan. Barikuan, emakume migranteak izango dira ardatz. Torrezabal Kultur Etxean, ikus-entzunezkoak eta literaturea izango dira nagusi. Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 dokumentala ikusteko erea izango da. Alaine Aranburu dokumentalaren zuzendariordea izango da bertan. Ondoren, Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek sortutako Miñan liburua esku artean hartu eta irakurtzeari ekingo deutse. Arzallus bera izango da lehenengoa irakurtzen. Egun berean iluntzean, Sormene jaialdiaren abestia aurkeztuko da. Andoni Mendoza Estrellak sortu dau. Elexaldeko Basoa tabernan aurkeztuko da eta ostean La Basuren kontzertua eskeiniko da. Zapatuan, Muguru parkean, artelan kolektiboa aurkeztuko da. 3000 galdakoztar baino gehiagoren artean egin da Hitzen Euria izeneko lana. Arratsaldean barriz, Aiko taldea arituko da helduentzako dantza tailerra eta erromeria eskeiniz. Amaitzeko domekan, antzerki musikal satirikoa izango da. Maria Rivero eta Itxaso Payak eMcumeak eskeiniko dabe. Emakume sortzaileen egunerokotasun prekarioa salatzen da lan honetan. Torrezabal Kultur Etxean izango da iluntzeko zazpiretan.