EH Bilduk 27 jarleku lortu dauz, aurrekoan baino 6 gehiago

"EAJk haustekundeetan atara deuskuzan 29 mila botoetatik 27 mila Bilbon izan dira" adierazo dau EH Bilduko kideak

Unai Urruzuno: “Atzokoak, zentzu baten, aldaketa politikoa gauzatu dau”

Atzokoa izugarrizko urratsa izan dala esan dau Unai Urruzunok (EH Bildu) gaur Goizeko Izarretan irratsaioan.  Bilduk 300  mila bozken langa gainditu eta Legebiltzarerrako hauteskundeetan bere emoitzarik onena, 27 jarleku, lortu dau. “Atzokoak aldaketa politikoa zentzu baten gauzatu egiten dau, PSE-EEk eta EAJk euren arteko aliantza sakrosantua errepikatuko dabe baina atzotik herri honetan paradigma aldaketa bat dago” azaldu dau Urruzunok.

Orain dala lau urte EAJk EH Bilduri 100 mila boto atara eutsazan, oraingoan 29 mila. “Azken kopuru horreetatik 27 mila bozka Bilbon atara deuskuz EAJk. Horrek alde hori non dagoan zehazten dau. Orokorrean guk herri osoan daukagun inplantazinoa nabarmenduko neuke, mapa oso argigarria da. Bildu askoz sendoagoa da hiru lurraldeetan” aitatu dau politikari bizkaitarrak.

Bizkaian EH Bildu lehenengo indarra izan da Lea-Artibain, Busturialdean eta Durangaldean. Ezkerraldean PSE-EEri bigarren postua kendu deutso Barakaldon, Santurtzin eta Sestaon. Baita Basaurin be. EH Bilduk Bizkaian 8 legebiltzarkide daukaz orain, aurrekoan baino bat gehiago. Honeexek izango dira: Inma Garrastatxu, Oihana Etxebarrieta, Julen Arzuaga, Igor Zulaika, Diana Urrea, Ikoitz Arrese, Naiara Fernadez eta Edurne Benito del Valle.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00