Iker Zabala entrenatzaileak oso indartsu ikusten dau bere taldea eta garbi dino faborito nagusia dala Donostiako banderea irabazteko

Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Zierbena dira Bermeoko traineruaren aurkari nagusian datorren domekako estropadan

Urdaibaik bere zazpigarren Kontxa irabazi gura dau

Bermeoko arraunlariak trainerua ataraten uretatik / Aitor Arrizabalaga Eusko Label Liga

Lehen jardunaldia jokatu zanetik egun batzuk igaro ostean, Iker Zabalak bere tripulazinoaren errendimendua goraipatzen jarraitzen dau. “Mutilek estropada handia egin eben. Ziabogako lehen erreferentzia negatiboa izan zan, baina nik oso ondo ikusten neban taldea eta bigarren luzean berreskuratzea espero neban. Hondarribiaren denporea hobetzea gatxa izango zala uste neban baina azkenean lortu eben ”, esan deusku Zabalak.

Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Zierbenaren arteko aldea txikia izan arren, Bermeoko traineruaren prestatzaileak ez dau uste lehiakide guztiak hutsetik hasiko diranik datorren domekako estropadan. “Segundo bat pasatxoko errenta txikia daukagu, baina uste dot lehenengo jardunaldian lortu genduan garaipenak indar handia emon deuskula. Joan dan domekan, traineruak sekulako estropadea egin eban. Abantaila txikia lortu genduan, bai, baina sentsazinoak ezin hobeak izan ziran”.

Zabalaren eretxiz, bost traineru bandera eskuratzeko hautagai izateak arriskugarritasun handia emoten deutso datorren domekako estropadeari. “Normalean bi edo gehienez hiru traineru izaten dira Kontxako bigarren jardunaldian bandera irabazteko aukera izaten dabenak. Aurten bost gara eta horietako bat, Zierbena, lehen txandan arituko da, horrek dakarren arriskuagaz. Edozelan be, banderearen irabazlea ohorezko txandatik urtengo dauela uste dot ”.

Bou Bizkaiako prestatzaileak konfiantza itsua dauka bere taldean. “Sasoi ezin hobean heldu garala uste dot, eta trainerua joan dan domekan baino azkarrago ibiliko dalakoan nago. Astebete daukagu gauza batzuk findu eta traineruak ahalik eta errendimendurik onena emon daian”. Zabalak Urdaibai ikusten dau faborito banderea irabazteko. “Holan pentsetan dot eta holan dinot. Morala topera daukagu eta aurkariak garaitzeko gai gara, denporaldi honetan estropada askotan erakutsi dogun lez. Hau kirola da eta gauza asko gertatu daitekez. Errespetu handia deutset gure aurkariei, baina ez daukat zalantzarik esateko Urdaibai dala Kontxako bandera irabazteko faborito nagusia”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular