Hogetalau pelotari lehiatuko dira sei taldetan banatuta: Sollube, Oiz, Ganekogorta, Gorbeia, Kolitza eta Anboto

Partiduak setetan jokatuko dira, zeinek hiru lehenago irabazi; set bakotxa sei tantora jokatuko da eta bosgarrena hirura

Urdulizen, Zeanurin, Mallabian eta Bilboko Deportivon jokatuko da Bizkaia torneoa

Baiko eta Aspepelota enpresetako hogetalau pelotarik hartuko dabe parte / Bizkaia Irratia

Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputaduak Bizkaia Torneoaren hamaikagarren edizinoaren xehetasunak eman ditu, Unai Iglesias Baikoko arduradun komertzialarekin eta Inaxio Errandonea Aspe Pelotako arduradun komertzialarekin batera.

Bizkaia Torneoa taldeka jokatzen dan bakarra da eta 24 pilotarik hartuko dute parte. Sei talde osotuko ditue, eta taldeek Bizkaiko beste hainbeste menditatik hartuko dabe izena: Anboto, Ganekogorta, Gorbeia, Kolitza, Oiz eta Sollube. Zozketa bidez osotu dira taldeak. Artola-Imazek binaka, Agirrek lau ta erdian eta Senarrek buruz buru jokatuko dabe Ganekogorta taldean. Sollube taldean, Laso-Mariezkurrena, Peñak eta Bakaikoak jokatuko dabe. Urrutikoetxea-Albisu, Jaka eta Zubizarreta lehiatuko dira Kolitza taldean; Altuna-Rezusta, Ezkurdia eta Egiguren Oizen; Elordi-Zabaleta, Elezkano eta Salaberria Gorbeian eta Peio Etxeberria-Martija, Zabala eta Exposito Anboto taldean.

Kanporaketak ekainaren 1ean Urdulizen (Kolitza vs Ganekogorta), ekainaren 14an Zeanurin (Oiz vs Anboto), ekainaren 15ean Bilboko Deportivon (Sollube vs Kolitza edo Ganekogorta), eta ekainaren 16an Mallabian (Gorbeia vs Oiz edo Anboto) jokatuko dira. Finala abuztuaren 20an, Bilboko Aste Nagusian, Bizkaia Frontoian jokatuko da.

Partidak setetara jokatuko dira

Bizkaia Torneoa barritasun handi bategaz dator. Partida bost setean onena dan pilotariak edo bikoteak irabaziko dau. Setak 6 tantora izango dira, eta set biko bardinketa balego, bosgarren seta, desenpatekoa, hiru tantora jokatuko da. Aldaketa honen helburua bardintasuna sustatzea, pilotarien artean jokoa lehiakorragoa izatea, eta publikoarentzat ikuskizuna erakargarriagoa izatea dira.

Danel Elezkano, Mikel Urrutikoetxea eta Aitor Elordigaz egin dogu berba Jokoan irratsaioan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular