Familien Nazinoarteko I. Kongresua egingo dabe asteon, maiatzaren 6an eta 7an, Gasteizen. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailak antolatu dau. Xabier Legarreta Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordeak esan deuskunez, familia erdigunean ipini gura dabe: “Momentu honetan, Euskadi aldatzen dabil. Familiek lehen pertsonan igarten dabe aldaketea. Hori dala eta, familiak zaindu behar doguz. Ez dago etorkizunik familiak ondo ez badagoz“.
Euskadiko familiei zuzendutako kongresua da. Seme-alabak dabezan familientzat, gurasobakartasuneko familientzat, langile-familientzat, egunerokotasuna zaintzen eta eusten dabenentzat eta belaunaldien arteko oreka ahalbidetzen dabenentzat. Bestalde, Kongresuaren nondik norakoak azaldu deuskuz sailburuordeak: “Batetik, nazinoarteko hizlariak eukiko doguz. Esfortzu handia egin dogu nazinoarteko adituak ekarteko: Arnstein Aassve, Claudia Hupkau, etab. Bestalde, beste herrialdeetan egiten dana ezagutzeko aukerea eukiko dogu“.
Beraz, ezagutza, esperientzia eta alkarrizketa biltzen dituan Kongresua da, ideia argi bat indartzeko: ez dago gizarte-ongizaterik ez etorkizun jasangarririk Euskadin familia sendorik gabe, eta belaunaldien arteko alkartasunik gabe, belaunaldi guztiak alkarri eusten deutsiela bermatzeko, kohesionatutako komunidade baten barruan. Horregaitik, nazinoarteko adituen bidez, kongresu honek etorkizuneko begiradak bildu nahi ditu, orainaren analisian oinarrituta.
