Maiatzaren 6tik 24ra bitarteko epea dago Euskadiko Lanbide Heziketa zentruetan aurrematrikulea egiteko. HETEL alkarteak, Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako ikastetxeen alkarteak aurreratu dauanez, barritasun bat baino gehiago dagoz datorren ikasturteari begira. Julen Elgeta alkarteko presidenteak gogoratu dauanez, aurrematrikulea egitea oso garrantzitsua da. Interesa daukien guztiak animau dauz.
Lanbide Heziketaren Legea
Lanbide Heziketaren Lege barria dala eta, barrikuntza bat baino gehiagogaz hasiko da ikasturte barria. Besteak beste, siglak aldatzen deutsoz titulu bakotxari erreferentzia egiteko. Ikasturte barrian, Oinarrizko, Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketaz (D Graduak deituak) eta Espezializazino Ikastaroez (E Graduak) gain, C graduak edo Ziurtagiri Profesionalak be Lanbide Heziketak emongo dauz. Bestalde, oinarrizko eta erdi mailako lanbide heziketa ibilbide integratuak ikastetxe berean egin ahal izango dira. 32 ikastetxe dagoz Hetel alkarteak eta guztira 100 gradu eskaintzen dira.
Enplegagarritasuna
Confebask patronalak egindako azterlan baten arabera, aurten Euskadiko enpresek 45 mila behargin inguru behar dabez. Honeetatik gehienak lanbide heziketa adarrekoak dira. Esan behar, momentu honetan enplegagarritasuna %76,2koa dala. Azken 6 urteetan izandako goranzko joereari eusten deutso. Hetel alkartean dagozan ikastetxeetako ikasleen %82k berehala lortzen dau lan-merkaduan sartzea.