Gaizka Zabartek gogoratu dau auzia epaitegietan instrukzinoan dagoala oraindino

Lau urte bete dira gaur Eltzagako zabortegia amildu zanetik

Zaldibar Argitu plataformeak erantzukizunak argitzeko eskaria egiten jarraitzen dau

Domekan egin zan ekitaldia Zaldibarren / Bizkaia Irratia

Lau urte betetan dira gaur Zaldibarren, Eltzagako zabortegia amildu zanetik. Gogoratu daigun, behargin bi hil egin zirala ondorioz, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Azken honen gorpuzkinak hondakinen artean lurperatuta geratu ziren. Zaldibar Argitu plataformea sortu zan orduan. Plataforma honek, gertaerea salatzeaz gain, erantzukizunak eskatzen jarraitzen dau eta gertaerea argitzeko eskatzen jarraitzen dau era berean. Gaur martitzena danez, harainegun, domekan egin zan Zaldibarren ekitaldia, plataforma honek deituta. Konzentrazinoa, lore eskaintzea eta Eltzagako koplak be irakurri ziran domekan.

Auzia epaitegietan

Zaldibar Argitu plataformak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta Ekologistak Martxan taldeagaz batera, herri akusazino moduan dabil epaitegian abian dan auzian. Honen arira Gaizka Zabartek esan deusku, kontua oso astiro doala epaitegietan, instrukzinoan oraindino. Gogoratu dau era berean, aurretik egindako epaiketa bakarrean, Verter Recycling enpresako arduradunek zuhurtziagabekeriazko bina hilketa onartu ebezala eta espetxea saihestea lortu ebela. Eusko Jaurlaritzari be erantzukizunak argitzeko eskatzen jarraitzen dau Zaldibar Argitu plataformak. Jaurlaritzak asteon jakinarazo dau zabortegia behin behinean zigilatzeko lanakaz aurrera jarraitzen dauala eta maiatzean geratu daitekeela itxita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular