Passion for Knowledge (P4K) Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak antolatzen dauan nazinoarteko zientzia jaialdia da. Irailaren 28tik urriaren 3ra seigarren edizinoa egingo da Bilbon eta Donostian. Jaialdiak sei Nobel saridun, bost Asturiasko Printzesa saridun eta nazinoarteko beste izen handi batzuk alkartuko dauz, helburu honeekaz: ezagutza herritarrei hurreratzea, pentsamendu kritikoa eta jakin-mina sustatzea, eta zientzia gure kulturaren funtsezko zatia dala aldarrikatzea. Hitzaldiak, ikasleakaz topaketak, Naukas saioak, bertsolaritzea, umeentzako jarduerak, aurkezpenak… Publiko guztiarentzako jarduerak egongo dira.
Aurtengo parte-hartzaileen artean dagoz Anne L´Huillier 2023ko Fisikako Nobel sariduna, Brian Schmidt 2011ko Fisikako Nobel sariduna, Wolfgang Ketterle 2001eko Fisikako Nobel sariduna eta Jean-Marie Lehn 1987ko Kimikako Nobel sariduna. Eurekaz batera, Siri Hustvedt idazlea, Marcus du Sautoy matematikari eta dibulgatzailea, Juan Ignacio Cirac fisikaria eta Ana Zubiaga Jakiundeko lehendakaria be izango dira. Gaiak be askotarikoak izango dira: fisika kuantikoa, unibertsoaren hedapena, biodibertsidadea eta klima-aldaketa, minbiziaren ikerketa, adimen artifiziala, neurozientzia edo giza eboluzinoa.
Nora Gonzalez DIPC-eko Dibulgazino eta Komunikazino arduradunak azaldu dauanez, Donostiako Victoria Eugenia izango da egoitza nagusia, baina Bilbok be hitzordu garrantzitsuak hartuko dauz. Esaterako, urriaren 1ean, goizean, Bizkaia Aretoan, Bigarren Hezkuntzako ikasleek Albert Fert, Eva Nogales eta Marcus du Sautoy adituakaz aurrez aurre egoteko aukera izango dabe. Egun berean, 18:00etan, Wolfgang Ketterlek fisika kuantikoari buruzko berbaldia eskainiko dau Bilboko Guggenheim Museoan.
Passion for Knowledge jaialdiko jarduerak doakoak dira, baina hainbat saiotan aurretiz izena emon eta lekua erreserbatu behar da: p4k.dipc.org webgunean.
