Euskotren Ligan lehiatzen diran zortzi traineruetatik bat bera be ez da Bizkaikoa. Halandabe, badira Bizkaiko arraunlari batzuk emakumezkoen gorengo mailako traineruetan. Arraun Lagunak, aurreko denporaldian ligea eta Kontxa irabazi ebazan traineruan, ondarrutar bi, Mar Larrea eta Nagore Osoro patroia, lekeitiar bat, Jule Arkotxa eta elantxobetar bat, Zuberoa Egurrola dabilz arraunean.
Zuberoa Deustuko traineruan hasi zan eta bertan lau denporaldi egin ostean, Hondarribiara joan zan Euskotren Ligan lehiatzera. Urtebetez ibili zan Ama Guadalupekoan eta handik Donostiara joan zan, Arraun Lagunak taldera. Aurten bigarren denporaldia betetzen dabil Juan Mar Etxaberen aginduetara eta igaz lez Euskotren Ligako trainerurik indartsuena dala erakusten dabil Lugañene ontzia. Zuberoa Egurrolagaz egin dogu berba Jokoan kirol tartean. Gustora dago Arraun Lagunaken baina beharrean segiduten dau Elantxobeko arraun taldean urte gitxira emakumezkoen trainerua atarateko asmoagaz.
